Gizartea -

KORONABIRUSA

Hiru pertsona hil dira koronabirusarekin eta sei positibo antzeman dituzte EAEn

Azkeneko datuen arabera, Araban eta Gipuzkoan kasu bana detektatu dituzte; lau Bizkaian; eta zortzi Nafarroan.

Iruñea, deseskalatzean. Argazkia: EFE
Iruñea, deseskalatzean
Iruñea, deseskalatzean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEk sei kasu positibo berri atzeman ditu PCR probetan koronabirusaren ondorioz asteazkenean, eta 50 kutsatu test azkarren bidez, hiru pertsona positibo hil diren egunean. Gainera, 566 pertsonari egiten ari zaie jarraipena, gehienak lehen mailako arretan, Nekane Murga Osasun sailburuak jakitera eman duenez.

Osasun sailburuak COVID-19ak EAEn duen intzidentziari buruzko datuak eguneratu ditu. Joan den asteazkenean 4.183 proba egin ziren (3.580 PCR eta 603 test azkar).

Asteazkenean PCR probek baieztatutako positibo berriak sei dira, aurreko eguneko 15 positiboen aldean. Proba horrek pertsona batek birusa duen eta une horretan gaixo dagoen detektatzen du. Horietatik, bat Araban atzeman zuten, lau Bizkaian eta bat Gipuzkoan.

Bestalde, azken 24 orduetan test azkarraren bidez 50 kasu atzeman dituzte; hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen dituen proba da, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete.

Gainera, atzoko egunean 29 pertsona sendatu ziren, hau da, PCR negatiboarekin, duela egun batzuk gaixotasuna hartu ondoren. Horrez gain, hiru pertsonek ospitaleko alta jaso zuten.

Era berean, azken 24 orduetan, azken 60 egunetan PCR positiboa izan duten hiru pertsona gehiago hil dira; beraz, hildakoak 1.618 dira pandemia hasi zenetik.

Bestalde, COVID-19a duten edo gaixotasuna izan duten sei pertsona daude EAEko ospitaleetako ZIUn, eta, gainera, 566 pertsonari egiten ari zaie jarraipena, kasu positiboen kontaktu estuak baitira, gehienak lehen mailako arretan.

Horrez gain, Osasun Sailak "erabat egonkortzat" jo ditu azken egunotan EAEn detektatutako COVID-19 kutsadura-guneak, baina kaleko jai-aglomerazioen inguruan ohartarazi du, horrelako ingurune batean kutsatzeak zaildu egiten baitu positibo posibleak identifikatzea, haien artean harremanik ez duten pertsonak baitira.

Murgak aitortu duenez, prebentzio neurriak betetzen ez dituzten ehunka lagunen irudiek kezkatzen dute, Gasteizen Baskoniaren liga tituluarekin eta Irunen San Martzialekin gertatu den bezala. Horrelako portaerak "mantendu edo orokortu egiten badira, prebentzio neurriak areagotuz joango dira", ohartarazi du.

Nafarroan beste zortzi kasu

Nafarroan ez da inor hil koronabirusarekin azken orduetan, baina zortzi kasu berri detektatu dituzte PCR proben bidez.

Nafarroako Gobernuak zehaztu du zortzi lagun horiek ez dituztela ospitalera eraman behar izan.

Azken egunotan kutsatuen kopuruak gora egin du: asteartean bakarra antzeman zuten, asteazkenean bost eta gaur zortzi.

 

*OHARRA*:

Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Osasunbidea gaur