Gizartea -
Nafarroa
Segurtasun-neurriak indartu dituzte Iruñean, jende-pilaketak saihesteko
Iruñeko Udalak ez du ekitaldirik antolatu, eta jaiez gozatzeko datorren urtera arte itxaroteko eskatu die herritarrei. Peñek ere ez dute ekitaldirik antolatu.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Parlamentuak "zuhurtzia eta ardura" eskatu diete behin eta berriro herritarrei, eta aurten sanferminak ospatu beharko liratekeen egunetan (uztailaren 6tik 14ra bitartean) jende-pilaketak saihesteko deia egin dute, koronabirusaren ondorioz jaiak bertan behera utzi ondoren.
Ildo horretatik, Iruñeko Udalak ez du ekitaldirik antolatu, eta jaiez gozatu ahal izateko datorren urtera arte itxaroteko eskatu die herritarrei. Iruñeko peñek ere ez dute ekitaldirik antolatu, eta horien lokalak jendearentzat itxita egongo dira.
Hala, Udalak, hainbat neurri hartu ditu jende-pilaketak ez izateko. Adibidez, edukiera-kontrolak egingo dira ostalaritza-establezimendu gehien dituzten Alde Zaharreko sei gunetan, baita Udaletxe plazan eta Gaztelu plazan ere.
Zehazki, 14 edukiera-kontrol ezarriko dituzte jende gehien bil daitezkeen tokien sarrera-irteeretan: Jarauta kalean (San Saturnino eta Descalzos kalearen hasieraren artean), San Nikolas kalean, Pozo Blanco-Comedias tartean, Estafeta-Espoz bidean, Mina kalean, eta Caldereria eta Navarreria arteko sarrera-irteeretan. Horietako bakoitzean, kalean baimendutako edukiera kalkulatu da, bidearen azalera eta gaur egun indarrean dauden segurtasun-distantziak gordetzeko neurriak kontuan izanda.
Hain zuzen ere, ordena publikoa bermatzea eta COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz osasun arloko prebentzio-neurriak bermatzea da Udalaren helburua. Horrez gain, kalean izan daitezkeen istiluen aurrean, aurrea hartu eta egoera kontrolpean izan nahi du Udalak. Hori dela eta, terrorismoaren aurkako IV. alertak indarrean jarraitzen duela gogora ekarri du Foruzaingoak ohar batean.
Hala, Foruzaingoaren helburu espezifiko batzuk honako hauek izango dira: jende-pilaketak saihestea, prebentzio-neurriak betearaztea (segurtasun-distantziak zaindu eta maskaren erabilera bermatzea), eta ostalaritzako lokaletan (barrualdean zein terrazetan) osasunaren eta ikuskizunen araudia betetzen dela kontrolatzea.
Halaber, gainerako herritarren osotasun fisikoaren aurka erabil daitezkeen objektuak daramatzaten pertsonen presentzia hautematen ere lan egingo dute.
Alde Zaharrera sartzeko, ezinbestekoa izango da maskara jarrita izatea, eta ez da baimenduko botilak edota segurtasun publikoa arriskuan jar dezaketen objektuak eramatea.
Edukiera-kontrol horien ondoan ez dutenez edukiontzirik jarriko, debekatutako objektu horiek ezingo dira kontrolerako guneetan utzi, Foruzaingoak azaldu duenez.
Besteak beste, Alde Zaharrera sartzeko kaleetan, ostalaritza-establezimenduak dituzten inguruko kaleetan eta Udaletxe plazako eta Gaztelu plazako sarreretan jarriko dituzte jende-pilaketak saihestea helburu duten edukiera-kontrol horiek.