Gizartea -

Koronabirusa

Koronabirusaren Jarraipenerako Batzordeak Ordiziako agerraldia aztertuko du goizean

09:00etan bilduko dira, Zumarragako Ospitalean. Ordiziako agerraldiarekin lotuta, 48 kasu baieztatu dituzte jada, eta positibo eman duten pertsona gehienak udalerri horretan bizi dira.

Koronabirusaren Jarraipenerako Batzordearen bilera, Ordiziako agerraldia aztertzeko. Argazkia: EFE
Koronabirusaren Jarraipenerako Batzordearen bilera, Ordiziako agerraldia aztertzeko.
Koronabirusaren Jarraipenerako Batzordearen bilera, Ordiziako agerraldia aztertzeko. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ordizian (Gipuzkoa) atzemandako COVID-19aren agerraldiaren bilakaera aztertzeko osatutako Koronabirusaren Jarraipenerako Batzordea gaur goizean bilduko da berriro, egoera kontrolpean hartzeko asmoz. Agerraldi horretako lehen positiboa Lleidatik etorritako pertsona batek eman zuen.

Zehazki, Osasun Saileko eta Segurtasun Saileko arduradunek eta Ordizia, Beasain, Lazkao, Idiazabal, Legarreta, Itsasondo eta Tolosa herrietako udal ordezkariek osatzen dute batzordea. 09:00etan bilduko dira, Zumarragako Ospitalean.

Ordiziako agerraldiarekin lotuta, 48 kasu baieztatu dituzte jada. Gaitza atzemateko egin dituzten detekzio-probetan positibo eman duten pertsona gehienak udalerri horretan bizi dira, Nekane Murga Osasun sailburuak atzo pandemiaren bilakaeraren berri emateko egin zuen agerraldian azaldu zuenez.

Datu horiek atzo 10:00ak arte baieztatutako kasuei dagozkie, eta egunean zehar egin zituzten 400 probaren emaitzak jakin aurretik eman zituzten. Astelehenetik, 1.732 PCR proba egin dituzte, eta orain arte 1.692 testen emaitzak ezagutu dira.

Ordiziako edozein espazio publikotan maskara nahitaez erabili behar da, Eusko Jaurlaritzak aginduta, bai kalean, bai erabilera publikoko espazio itxietan ere, Gipuzkoako herri horretan atzemandako koronabirus agerraldiari aurre egiteko; izan ere, orain arte egindako probetan, 48 kasu baieztatu dituzte guztira.

Maskara erabiltzeko agindua Ordiziako udalerrira mugatzen da oraingoz, baina Osasun sailburuak ez du baztertu beste herri batzuetara zabaltzea, beharrezko iritziz gero.

Gainera, ostalaritzako establezimenduek ezingo dute edukieraren % 50 gainditu lokal barruan kontsumitzeko, ezingo da barran kontsumitu eta bezeroek eserita egon beharko dute. Terrazetan, pertsonen (etxebizitza berean bizi ez badira) eta mahaien artean gutxienez izan beharreko distantzia 1,5 metrokoa izango da.

Halaber, sailburuak, kazetarien galderei erantzunez, baztertu egin du gaur egungo datuekin koronabirus agerraldiak igandeko hauteskunde egunari eragingo dionik.

"Salbuespenezko egoera bizi dugu mundu osoan eta Euskadin, eta pertsonen osasuna bermatzeko neurriak ezarri dira. Birus honekin bizi behar dugu", erantzun zuen atzo, pandemiaren bilakaeraren berri emateko egin zuen agerraldian.

Idiazabalgo Udalak, bestalde, herrian bi kasu atzeman dituztela baieztatu du, eta herritarrei arduraz jokatzeko deia egin die, "atzera ez egiteko". Ildo horretatik, segurtasun-distantziak mantentzea derrigorrezko neurria dela gogorarazi du, eta hori posible ez den kasuetan maskara erabili behar dela.

Ildo horretatik, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak bere babesa adierazi die koronabirusarekin gaixorik dauden herritarrei eta horien senideei, eta ordiziarrak maskara erabiltzeko agindua betetzen ari direla azpimarratu du.

Egun gogorrak bizitzen ari direla onartuta, orain gaitzari "aurrea hartzea" tokatzen dela adierazi du, "beranduegi izan baino lehen". Horrela, bada, arriskuan egon direla uste duten herritar guztiei PCR proba egiteko eskatu die, eta laguntza behar duten guztiei Udalarekin harremanetan jartzeko galdegin die.  

Bestalde, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak Ordizian konfinamendua ezartzea baztertu egin du "oraingoz", eta ez du aurreikusten hauteskundeak atzeratzea Gipuzkoako udalerri horretan edo inguruko beste herrietan.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Urkulluk esan du detekzio-probetan positibo eman duten kasuen eta kontaktuen jarraipena egiten jarraitzen dutela, ez bakarrik udalerri horretan, baita pandemiaren hasieratik bertan egon ahal izan diren pertsonena ere.

Herriko biztanle guztiei probak egiten ari zaizkiela gogorarazi du, eta maskararen erabilera orokortzearen alde agertu da. Bere esanetan, "erabat" bermatuta daude igande honetan Goierri aldean segurtasunez bozkatzeko baldintzak, "Euskal Autonomia Erkidegoan bezala".

Dena dela, Hauteskunde Batzordeak bilera telematikoa egingo du gaur, Ordiziako egoera aztertu eta uztailaren 12ko hauteskunde-egunera begira erabakiak hartzeko. 09:30ean hasiko dute bilera.

Ordizian atzemandako agerralditik kanpo, azken orduetan bi hildako izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak nahitaezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Herriak eta Hiriak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Zumarraga Ordizia Beasain Albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Lazkao Koronabirusa Deseskalatzea Maskarak gaur