Gizartea -

Verter Recycling

Oposizioak azalpenak eskatu dizkio Jaurlaritzari Zaldibarko egoera dela eta

Datorren Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzordea sortzeko aukera jarri dute mahai gainean.

Bi langile Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Efe
Bi langile Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Efe
Oposizioak Jaurlaritzari egotzi dio Zaldibarko gertakariaren erantzukizun politikoa

1:22

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaldibarren gertatutakoari buruzko azalpen gehiago eskatu dizkiote oposizioko alderdiek Eusko Jaurlaritzari, Verter Recycling 2002ko hiru arduradun atxilotu eta egun batera.

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk uste dute jarduneko Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu behar dituela gertatutakoaren gaineko erantzukizunak, eta popularrek berretsi egin dute hurrengo legealdian Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat eratzeko aukera.

Bestalde, Jaurlaritzako bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, konfiantza agertu dute zabortegian gertatutakoa argitzeko irekitako ikerketa judizialean.

Hala, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak Gasteizko Ganberako Diputazio Iraunkorraren bileraren atarian adierazi du bere nahia dela "lehenbailehen egia argitzea eta gizarteak zer gertatu zen argitzeko duen nahiari erantzuna ematea".

Iturratek gaineratu duenez, "zalantzarik gabe, Gobernua behar den guztia egiten ari da Justiziarekin elkarlanean ", eta "amaitu arte itxaron behar da, gertatutakoari egia juridikoa eman diezaion".

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak atxiloketak izan ditu hizpide, eta esan du instrukzio epaileak erantzun beharko duela "zergatik atxilotu dituen eta ez dituen soilik deklaratzera deitu ".

Mendiak konfiantza agertu du ikerketa judizialean: "Auzitegiek adierazi behar dutelako zein den egia eta zein diren behera etortzearen arrazoiak, eta erantzuleak nortzuk diren ".

EH Bildutik, Unai Urruzunoren ustez, hiru atxiloketa horiek "berretsi" egiten dute "Zaldibarko zabortegiaren kudeaketan delitu larrien zantzuak" daudela, eta ez "garrantzi txikiko irregulartasun" batzuk, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak Legebiltzarraren aurrean ziurtatu zuen bezala.

Urruzunok bere buruari galdetu dio "nola den posible hori guztia gertatu izana, zabortegian egiten zena kontrolatzea eta egiaztatzea Eusko Jaurlaritzaren erabateko erantzukizuna denean". Horregatik, haren ustez, "erabateko kontrol falta" egon da.

Jarduneko Jaurlaritzari "behar diren azalpenak emateko eta behingoz ekiteko" eskatu ostean, legebiltzarkideak esan du EH Bilduk mahai gainean duela hurrengo Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat eratzeko aukera.

Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandezek "kriminalitate zantzuak baldin badaude" enpresaren erantzukizunak ikertzea babestu du, izan dituen ondorio "lazgarriengatik"; bereziki, desagertutako bi langileengatik, baina baita ingurumen afera larriengatik ere.

Aurreratu du bere taldeak "bere esku dagoen guztia" egingo duela administrazioak eta Eusko Jaurlaritzak "zabortegi hori kudeatzen zuen enpresaren gainean" duten egitekoa argitu dadin, eta, beraz, horren inguruko edozein ekimen, ikerketa batzorde bat sortzea kasu, "positiboa" iruditzen zaio.

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak ohartarazi du Eusko Jaurlaritza eta Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria ezin direla saiatu "zabortegiaren kudeaketan dauden erantzukizun politikoak estaltzen".

"Hemen beharrezkoa da kontrol faltaren ardura politikoak finkatuko dituen ikerketa batzorde bat", gaineratu du Barriok, eta "deigarria" ikusten du hauteskundeak egin ondoren iristea erabakiok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Gizartea EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Zaldibar Lur-jausiei buruzko albisteak Durangaldea