Gizartea -

KORONABIRUSA

229 koronabirus kasu gehiago atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Azkeneko datuen arabera, Nafarroan 93 positibo izan dira, 86 Bizkaian, 35 Gipuzkoan eta 13 Araban.

Herritarrak musukoa jantzita, Gasteizko kaleetan barrena. Argazkia: EFE
Herritarrak musukoa jantzita, Gasteizko kaleetan barrena.
Herritarrak musukoa jantzita, Gasteizko kaleetan barrena. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn, 136 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez. Kasu berrietako 86 Bizkaian atzeman dituzte, 35 Gipuzkoan eta 13 Araban. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren bi pertsonak positibo eman dute azken orduetan.

Guztira, gaitza atzemateko 4.424 PCR egin zituzten atzo EAEn, Osasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Zehazki, ondorengo herri hauetan atzeman dituzte koronabirus kasuak:

Gipuzkoan: Aia (bat), Donostia (bost), Eibar (17), Elgoibar (bi), Errenteria (bat), Hernani (bat), Mendaro (bat), Orio (bat), Oñati (bat), Tolosa (bat) eta Zarautz (lau).

Bizkaian: Abanto Zierbena (bat), Zornotza (bi), Arrigorriaga (bat), Barakaldo (14), Basauri (hiru), Berango (bi), Bilbo (23), Derio (bat), Erandio (bi), Ermua (19), Etxebarri (bat), Galdakao (bi), Getxo (bi), Gueñes (bat), Iurreta (bat), Leioa (bat), Loiu (bat), Portugalete (bi), Santurtzi (bat), Sestao (lau), Trapagaran (bat) eta Zaldibar (bat).

Araban: Laudio (bat) eta Gasteiz (12).

Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 62 emakumeak dira eta 74 gizonak. Gainera, positibo eman duten gehienek 39 urte baino gutxiago dituzte; batez ere 20 eta 29 urte bitartean (27 kasu).

COVID-19a duten beste 23 pazientek 10 eta 19 urte bitartean dituzte, eta kutsatutako 22 euskal herritarrek 30 eta 39 urte bitartean. Azken orduetan atzemandako bederatzi kasutan, berriz, 0 eta 9 urte bitartean.

Osasun Sailak jakinarazi du, halaber, positibo eman duten 16 pertsonek 40 eta 49 urte bitartean dituztela, beste 23k 50-59 urte bitartean, 10ek 60-69 urte bitartean eta beste seik 70 urtetik gora.

1,49 da gaurko R0 indizea (atzo 1,59 zen).

Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun hiru pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko prentsaurrekoan emandako datuen arabera.

Beste 93 positibo Nafarroan

Nafarroan beste 93 pertsona gehiago kutsatu dira koronabirusarekin, Santos Indurain Osasun kontseilariak ostiral honetan jakinarazi duenez.

Kasu horietatik lau Mendillorri auzoko agerraldiari daude lotuta, eta beste hiruk Tuteran ospatutako ezkontzarekin dute zerikusia. Ildo horretan, kontseilariak gogoratu du Tuteran jaiak bertan behera geratu direla eta tabernei gauerdian ixteko gomendioa egin zaiela.

Horrez gain, uztailaren 6an Iruñean egindako gosari batean izandako agerraldiari lotuta beste positibo bat izan dela esan du, eta hirian beste foku berri bat atzeman dutela jakinarazi du.

Edonola ere, Nafarroako Gobernuak azpimarratu du ez dagoela transmisio komunitariorik. "Agerraldi batzuk konplexuak dira, baina kontrolpean daude. Kontrolak eta PCR probak transmisio komunitarioa ekiditeko asmoz egiten dira", azaldu du Indurainek.

Mendillorri auzoko gazteei PCR azterketak egiteko dispositibo berezia larunbatera arte egongo da martxan. Egunero, batez beste, 500 bat test ari dira egiten.

Bestalde, atzo beste bi pertsona eraman zituzten Nafarroako Ospitalera koronabirusak jota. Guztira, 30 paziente daude ingresatuta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Bilboko azken albisteak Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Ermua Eibar bideoak Eusko Jaurlaritza Tolosa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Zarautz berriak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Ordizia Albisteak Osasunari buruzko albisteak Medikuak Getaria Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea Osasunbidea gaur