Gizartea -
Koronabirusa
Bergara eta Tolosako neurriak bertan behera utziko ditu ostalaritzako agindu berriak
Eibarren, Zarautzen eta Ermuan ezarritako neurri murriztaileak, aitzitik, bere horretan geratuko dira, azken egunotan hiru udalerri horietan kasuek gora egin ez badute ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aste honetan bertan argitaratuko du Eusko Jaurlaritzak ostalaritzako neurri murriztaileak zehazten dituen dokumentua, koronabirusaren hedatzea saiheste aldera. Nekane Murga Osasun sailburuak iragarri duenez, agindua indarrean sartu eta batera, bertan behera geratuko dira Bergaran eta Tolosan duela egun batzuk ezarri zituzten neurriak. Aitzitik, bere horretan utziko dituzte Eibarren, Zarautzen eta Ermuan jarri zituzten murrizketak, nahiz eta hiru udalerri horietan, azken egunetan, kasuek ez duten gorakada nabarmenik izan.
Murgaren esanetan, lehenbailehen irisi behar zen agindua, "birusak gure artean jarraitzen duelako eta segurtasun distantziarik gabe taldean egoteak arriskuak dakartzalako".
Horregatik, zainketa zorroztu du Osasun Sailak, egunean 4.000 eta 5.000 PCR proba artean egiten baitabiltza. Horrek esan nahi du dagoeneko euskal herritarren % 14ri egin dietela PCR proba.