Gizartea -

Koronabirusa

EAEko zahar-etxeen kudeaketa ikertzeko eskatu diote pentsiodunek Arartekoari

Adinekoen eta zerbitzu sozial horietako langileen "eskubideen urraketak eman ote diren aztertzeko" eskatu du Euskal Pentsiodunen Mugimenduak.

Pentsiodunen manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EFE
Pentsiodunen manifestazioa, Bilbon.
Pentsiodunen manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19ak eragindako pandemia betean, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zahar-etxeetan egindako kudeaketari buruzko ikerketa abiatu dezan eskatu diote EAEko pentsiodunen mugimenduko ordezkariek Arartekoari. Izan ere, koronabirusaren eraginez Euskadin baieztatutako heriotzen % 38 zahar-etxeetan jazo direla salatu dute.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sinatutako euskarazko eta gaztelaniazko 30 orriko gutun baten bidez egin dute salaketa hori, eta asteazken honetan eman diote Arartekoari, euskal herritarren eskubideak babestea helburu duena, Gasteizen. Idatzi horretan, puntuz puntu azaldu dituzte adineko pertsonei koronabirusaren aurrean ematen zaien arretaren inguruan probintzia bakoitzean atzemandako gabeziak.

Horrez gain, agintari eskudunei Arartekoak "azalpenak" eska diezazkiela eskatu dute pentsiodunek; osasun arloko krisi honetan zahar-etxe publiko zein pribatuetako egoiliarrak, egoitzetako langileak eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuen erabiltzaileak eta profesionalak ere "babesteko hartutako neurriak azaltzeko".

Halaber, "eguneko zerbitzuak bertan behera uztean eta ohiko bisitak eta bizitzaren amaierako uneetakoak mugatzean adinekoen eta zerbitzu sozial horietako langileen eskubideen urraketak eman ote diren aztertzeko" eskatu du Euskal Pentsiodunen Mugimenduak.

Ildo horretatik, Arartekoak administrazio arduradunari ebazpen bat emateko eskatu diote pentsiodunek, "jarduera okerra alda dezan".

Era berean, euskal administrazioek egindako "politika publikoak aztertzeko" eta "gomendioak" emateko eskatu diote, etorkizunean izan daitezkeen "koronabirusaren agerraldi berrien aurrean".

Azkenik, "adinekoek eta, bereziki, zahar-etxeetako egoiliarrek osasun-zerbitzu espezializatuetara joateko dituzten zailtasunei buruzko informazioa" helarazteko eskatu diote Arartekoari.

Gutun horretan, pentsiodunek kargu publikoen eta sindikatuen adierazpenak, hedabideetan zabaldutako informazioak, Arabako Fiskaltzaren eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak eta erabakiak jaso dituzte, besteak beste, adinekoen eta osasun arloko langileen "babesgabetasuna" eragin dutela uste duten egoerak salatzeko.

Horrela, esaterako, zahar-etxeetako "langile ratioak ez dira bete Bizkaian, Araban ezta Gipuzkoan ere", adinekoen senideei "ez zaie informaziorik eman", norbera babesteko ekipamenduen (maskarak, eskularruak eta gelak) eskasiaren aurrean "gabeziak" atzeman dira, arnasgailuak faltan egon dira eta ez dira gaitza atzemateko behar beste detkzio-proba egin, besteak beste.

Pentsiodunek, zahar-etxe jakin batzuetan izandako kasu "tamalgarriak" salatu dituzte gutunean; gehienak pribatuak. Halaber, pandemiari aurre egiteko "material egokirik gabe" bizia arriskatu duten langileek pairatu duten "lan-baldintza duinen" falta ere deitoratu dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Herriak eta Hiriak Galdakao Getxo Bizkaia Barakaldo Ermua Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Ondarroa Albisteak Medikuak Adinekoentzako egoitzak Berango Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Pentsioak Erizaintza Sendagaiak Donostia Ospitalea Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Galdakao-Usansolo Ospitalea