Gizartea -

Koronabirusa

Zahar-etxeetan gertatutakoa argitzea eskatu diote Bizkaiko Batzar Nagusiek Aldundiari

Koronabirusak eragindako pandemiak zer-nolako eragina izan duen jaso beharko dute Gizarte Ekintzako teknikariek "hilabete barru" amaituta egon beharko den txosten batean.

Zahar-etxe bateko egoiliar bat, leihotik begira, alarma-egoera indarrean zegoenean. Argazkia: EFE
Zahar-etxe bateko egoiliar bat leihotik begira, alarma-egoera indarrean zegoenean.
Zahar-etxe bateko egoiliar bat, leihotik begira, alarma-egoera indarrean zegoenean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiak Bizkaiko zahar-etxeetan zer-nolako eragina izan duen aztertzeko eskatu diote, aho batez, Batzar Nagusiek Bizkaiko Foru Aldundiari, asteazken honetan egindako ikasturteko azken bilkura parlamentarioan. Txostena Gizarte Ekintzako teknikariek egingo dute, eta lurraldeko 155 zahar-etxeek osatzen duten "sarearen gabeziak eta indarguneak" jaso beharko dituzte bertan.

Akordioaren arabera, idatzia "hilabete barru amaituta egon beharko da", saileko teknikariek egin beharko dute, eta Bizkaiko Ganberako batzarkide taldeei igorri beharko zaie, Bizkaiko zahar-etxeetako kudeaketa bultzatzeko eta hobetzeko ekimenen oinarri izateko.

Zehazki, Gizarte Ekintzako batzordean hartu dute erabakia, eta Sergio Murillo saileko arduradunak bertan parte hartu du, besteak beste. Ildo horretatik, "osasun arretari, norbera babesteko ekipamenduei, laguntza langileei eta egoiliarren, familien eta langileen arteko komunikazioei buruzko datuak" txostenean jasotzeko eskatu diete Bizkaiko Batzar Nagusiek idatzia egiten duten Aldundiko teknikariei.

Hain zuzen ere, EAJk, PSE-EEk eta PPk elkarrekin aurkeztutako legez besteko proposamen batetik abiatu da eskaera, eta geroago aho batez onartu dute. Azken testuak EH Bilduren hiru zuzenketa jaso ditu, ratio gehiago sartzeko eta txostena Age Platform Europe erakundearekin sinatutako hitzarmenaren garapenean aditu diren pertsonen taldeari helarazteko.

Bizkaiko Ganberak txostena "bere sailari atxikitako teknikariek eta profesionalek egin dezatela" eskatu dio Sergio Murillok zuzentzen duen sailari, eta, gutxienez, "osasun-arretari, norbera babesteko ekipamenduei, laguntza-langileei eta egoiliarren, senideen eta zentroaren arteko komunikazioari buruzko gorabeherak" jaso behar dituela.

Bizkaiko Parlamentuak, gainera, hobekuntza neurriak sartzeko eskatu du, "akatsak etorkizunean errepika ez daitezen", neurri horien kostuak zenbatetsiz "ahal denean".

Aldundiak batzarkide taldeei zein Eusko Jaurlaritzari helarazi beharko die azken txostena, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zahar-etxeei buruzko uztailaren 30eko 126/2020 Dekretua aldatzeko egiten ari den prozesuari begira, eta, horrela, lurraldeko egoitza-zentroak hobetzeko beharrezko neurriak hartu beharko ditu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Herriak eta Hiriak Galdakao Getxo Bizkaia Barakaldo Ermua Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Ondarroa Albisteak Medikuak Adinekoentzako egoitzak Berango Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Donostia Ospitalea Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Galdakao-Usansolo Ospitalea Bizkaiko Foru Aldundia albisteak Adinekoei buruzko albisteak