Gizartea -

Koronabirusa

Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek auzitara joko dute gaueko aisialdiko mugengatik

Bi elkarte horiek ez bezala, Arabako Ostalaritza Elkarteak, oraingoz, ez du bat egin auzitara jotzeko erabakiarekin.

Hainbat pertsona, kontzertu batean. Argazkia: Pixabay
Hainbat pertsona, kontzertu batean.
Hainbat pertsona, kontzertu batean. Argazkia: Pixabay

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko eta Gipuzkoako Ostalaritza elkarteek helegite bana aurkeztuko dute gaur, astelehena, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren aurka, gaueko aisialdiari ezarritako murrizketak jasotzen dituen agindua bertan behera uzteko asmoz.

Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko gerenteak adierazi duenez, koronabirusaren pandemia arintzeko hartutako neurriak ez dituzte osasun ikuspuntutik eztabaidatu nahi, baina sektoreari "erreskate plan batekin ekonomikoki laguntzeko" eskatu die agintariei.

"Ostalaritza establezimenduentzat irekiera 01:30era mugatzea nolabait inposatuta dagoen itxiera bat da. Lokal horiek ez dira errentagarriak gaur egun baimenduta dagoen ordutegiarekin", adierazi du.

Horregatik, auzitegietara jotzea beste aukerarik ez dutela uste du. "Arazoa ez da gaueko aisialdian gertatzen dena; izan ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako ordutegian ixten badugu, seguruenik, gero jendeak ospakizunekin jarraituko du kalean, ez baitira etxera joango, eta seguruenik baldintza okerragoetan jarraituko dute ospakizunekin", esan du.

Ildo horretatik, "sektorearen ardura" kontuan izateko eskatu du. Hala, ostalaritza establezimenduetan segurtasuna bermatzeko neurriak har daitezkeela uste du, eta, bere iritziz, "gaizki egiten duenak jasan beharko ditu ondorioak".

Horrela, goizean administrazioarekiko auzi-helegitea aurkeztuko dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, eta bertan eskatuko dute lokalak 01:30 baino geroago itxi ahal izatea, modu mailakatuan ixtea eta dantzalekuetan dantza egitea baimentzea. Kautelazko neurriak ere eskatuko dituzte epaia ezagutu arte; hau da, auzitegiak erabaki bat hartu bitartean, euren eskaerak kontuan izatea.

Ostalarien ustez, "ez dago froga zientifikorik gauez pertsona gehiago kutsatzen direla ziurtatzeko", eta neurriz kanpo ikusten dute Euskadin gaueko aisialdia mugatzen duen agindua. Ildo horretatik, sarbideetan tenperatura kontrolatzeko eta lokaletan maskara erabiltzen dela bermatzeko konpromisoa hartu dute.

Uztailaren 29an sartu zen indarrean gaueko aisialdian neurri murriztaileak ezartzen dituen Osasun Sailaren agindua, eta, horren ondorioz, dantzalekuen % 75 itxita daude.Bi lurraldeetako ostalaritza-elkarteek Gipuzkoako eta Bizkaiko 2.300 ostalaritza-establezimendu inguru biltzen dituzte.

Bi elkarte horiek ez bezala, Arabako Ostalaritza Elkarteak, oraingoz, ez du bat egin auzitara jotzeko erabakiarekin.

Juan Carlos Antolin SEAko presidenteordeak Efe albiste agentziari egindako adierazpenetan azaldu duenez, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalarien jarrerarekin bat egiten dute, baina oraingoz ez dute helegite horrekin bat egin, gaueko aisiak Arabako enpresarien elkartean duen ordezkaritza eskasa dela eta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, uztailaren 20tik da derrigorrezkoa "espazio publiko itxietan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertuak Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Jaiak Osasun albisteak Medikuak Aisia Erizaintza Sendagaiak Tabernak Uda Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea