Gizartea -
GASTEIZ
22 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen bikotekideari eraso egiteagatik
Erasoaren ondorioz, emakumea ospitale batera eraman behar izan zuten; gizonezkoa, ostera, atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Gaur eramango dute gizona epailearen aurrera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Udaltzainek 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriazko delitu bat egotzita; izan ere, gizonezkoak bikotekideari eraso egin zion. Horren harira, poliziak dei bat jaso zuen, Alde Zaharreko etxebizitza batean eztabaida handi bat entzuten baitzen.
Udaltzainak bertaratu zirenean, gizonezkoak 33 urteko emakumezko bati eraso egin ziola egiaztatu zuten. Hala, emakumea ospitale batera eraman zuten, eta gizonezkoa atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Gaur eramango dute gizona epailearen aurrera.
Udaltzainen aurkako atentatua
17 eta 26 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo udaltzainek, sortu zituzten istiluetan esku hartu zuten agenteei eraso egin izanagatik.
Lehen esku-hartzea 16:35 inguruan izan zen. Patruila batek Gasteiz etorbidean musukoa jantzita ez zeraman 17 urteko gizonezko bat identifikatu behar izan zuen, izan ere, gazteak udaltzainen aurka jokabide oldarkorra erakutsi zuen, eta agenteetako bat kolpatzera ere iritsi zen. Erasotzailea unean bertan atxilotu zuten, eta beharrezko eginbideak egin ostean, aske utzi zuten.
Bigarrena 22:00ak aldera izan zen. Udaltzainek 26 urteko gizonezko bat atxilotu behar izan zuten, agenteen aurkako atentatu-delituagatik. Artapadura kaleko establezimendu komertzial batera patruila bat gerturatu zen, bi pertsona istiluak sortzen ari zirelako. Establezimenduko arduradunak lokaletik alde egiteko eskatu bazien ere, ez zuten kasurik egin. Orduan, poliziak gazteak identifikatu behar zituen unean, haietako batek agentea mehatxatu zuen, eta eraso egiteko asmoz oldartu zitzaion. Horren ondorioz, atxilotu eta Agirrelandako polizia-etxera eraman zuten. Eginbideak egin ostean, aske utzi zuten.
Ekaitzak eragindako esku-hartzeak
Suhiltzaileek hainbat lan egin behar izan zituzten atzo, hirian izan zen ekaitza zela eta. Besteak beste, loreontziak kentzera edo adarrak jasotzera joan behar izan zuten. Horrez gain, Don Bela Kondearen kalean adar bat erori eta farola bat hautsi zen. Ondorioz, kableak agerian geratu zien. PSISZko kideek farola deskonektatu eta zintzilik geratu zen tartea kendu zuten.