Gizartea -

Koronabirusa

Ikasturte hasieran irakasle guztiei PCR probak egitea baztertu du Eusko Jaurlaritzak

Nekane Murgak adierazi duenez, adituekin lanean ari dira jada proba horiek zeini eta zein egoeratan egin behar diren ikusteko, "benetan eraginkorrak izan daitezen".

2020-2021 ikasturtearen hasieran gela bat desinfektatzeko produktuak. Argazkia: EFE
2020-2021 ikasturtearen hasieran gela bat desinfektatzeko produktuak.
2020-2021 ikasturtearen hasieran gela bat desinfektatzeko produktuak. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dagoeneko bi aste baino ez dira falta 2020-2021 ikasturteari hasiera emateko, eta, COVID-19ak eragindako ziurgabetasunaren ondorioz, agintariek ikasturtearen ezohiko hasierari aurre egiteko hartu dituzten prebentzio-neurriak ezagutzen hasi gara jada.

Testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) oraindik zalantza ugari daude ikasgeletara itzultzeko orduan ezarriko dituzten neurrien inguruan. Dena dela, koronabirusari aurre egiteko jarraibide orokorrak jasotzen dituen jarduera-protokolo orokor bat landu du Eusko Jaurlaritzak.

Zehazki, ikastetxe bakoitzaren esku egongo da neurri orokor horiek bere beharretara egokitzea, betiere protokoloan ezarritako jarraibideak kontuan izanez. Protokolo hori ekainean prestatu zuen Jaurlaritzak, eta pertsonen segurtasun eta osasun-baldintzak bermatzea du helburu.

Horren harira, ikasturtea hasi aurretik irakasleei PCR probak egingo dizkietela adierazi du Osasun Sailak, baina ez guztiei. Hala, transmisio arrisku gehien duten irakasleen artean gaitza atzemateko detekzio-probak "modu selektiboan" egitea aztertzen ari da Jaurlaritza.

Ildo horretatik, Nekane Murga Osasun sailburuak atzo SER irratian egindako elkarrizketan adierazi zuenez, adituekin lanean ari dira jada proba horiek zeini eta zein egoeratan egin behar diren ikusteko, "benetan eraginkorrak izan daitezen".

Hori dela eta, ikasturte berriaren hasierari begira, COVID-19arekin bateragarriak izan daitezkeen sintomak (sukarra, adibidez) dituzten haurrak ez direla ikastetxera joan behar adierazi du Murgak, eta ikasgelan balizko kasuren bat atzemanez gero, gainerako klasekideetatik isolatu eta haien kontaktu estuak identifikatuko dira.

Beraz, Eusko Jaurlaritzak ez du aurreikusi, oraingoz behintzat, irakasle guztiei PCR proba egitea ikasturte berrira itzuli aurretik, Galizian ez bezala (han irakasle guztiei egin nahi dizkiete probak). "Pertsonei baheketa sistematikoak egitea batzuetan ez da baliagarria, gaitza egun batetik bestera aldatzen den infekzioa baita", gaineratu du Murgak.

Osasun sailburuak agerraldia egingo du gaur, ostirala, COVID-19aren inguruko datuak eguneratzeko eta Euskadiko egoera epidemiologikoari buruzko bilakaeraren berri emateko. Prentsaurrekoa zuzenean jarraitu ahal izango da hemen, eitb.eus-en.

BIDEOA | Ikasle eta guraso ugari eskolarako itzulerarekin kezkatuta daude:

Ardura guraso eta ikasle askoren artean eskolarako itzulerarekin
Ardura guraso eta ikasle askoren artean eskolarako itzulerarekin
Ardura guraso eta ikasle askoren artean eskolarako itzulerarekin

1:34

Irakaskuntza presentziala lehenesteko bilerak

Espainiako Gobernuko Osasun eta Hezkuntza Ministerioek eta Lanbide Heziketak konferentzia sektoriala deitu dute datorren ostegunerako, abuztuak 27, autonomia erkidegoekin eskolarako itzulera aztertzeko asmoz. Aurretik, abuztuaren 25ean (asteartea), Hezkuntza Batzorde Orokorra egingo dute.

Horrez gain, ikasturte berriaren hasierari buruz hitz egiteko presidenteen biltzarra deituko du Moncloak datozen egunetan. Bilera hori abuztuaren amaierarako aurreikusita zegoen, baina baliteke irailaren hasieran egitea; hau da, eskolak hastearekin batera.

Hala, irailean ohiko ikasturte hasiera izango da Euskadin, edo hori da behintzat Hezkuntza Sailak esku artean duen hipotesi nagusia, aurrezko aurreko eskolen itzulera orokortua aurreikusten baitu; ikasle guztiekin eta maila guztietan. Horrekin batera, bertan behera gelditu ziren hainbat zerbitzu bueltatzea ere aurreikusi dute, tartean jangela-zerbitzuarena.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Deustuko Unibertsitatea Mondragon Unibertsitatea Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Medikuak Umeak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Lanbide Heziketa Gazteak Irakasleak