Gizartea -
KORONABULOAK
Ez, Osasun Ministerioak ez du esan PCR probek ez dutela balio COVID-19a atzemateko
Gezur horren arabera, PCR probak ez dira baliagarriak pertsona bat COVID-19arekin infektatuta dagoen edo ez atzemateko. Azalpenek, berez, antigorputzen test azkarrei egiten diete erreferentzia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gezurra da Osasun Ministerioak bere web orrialdean PCR probek COVID-19a atzemateko ez duela balio esan izana. Gezurrezko irudi hori sare sozialen bitartez zabaldu da, eta emandako azalpenak nahasi egiten ditu. Bertan agertzen diren argibideak seroprebalentzia probei eta antigorputzen test azkarrei buruzkoak dira, eta ez PCR probei buruzkoak.
“PCR testak, galderak eta erantzunak” izenburupean, hainbat gezurrezko baieztapen irakur daitezke, hala nola “test horrek ez du gaixotasuna atzematen” edota “ez du adierazten, ezta ere, pertsona bat kutsagarria den ala ez; hau da, test horren emaitzarekin ezin dugu jakin zuk beste pertsona bat gaixotu dezakezun ala ez”.
Nolanahi ere, ez da Osasun Ministerioaren webgune ofiziala, amarru bat baizik, non antigorputzen test azkarrei buruzko azalpenak PCR probei egozten zaizkien. Informazio hori ministerioak berak helarazten du “ohiko galdera eta erantzunen” orrialdean, baina jakinarazpen horiek “Espainian SARS-CoV-2 birusagatik infektatutakoen sero
Epidemiologiaren Ikerketa Nazionala (ENE-COVID)” buruzkoak dira.
Gezurrezko irudi horren eskuin aldean bertan agertzen da orrialde horretako URLa, eta ez du zerikusirik PCR probekin.
ENE-COVID seroprebalentzia ikerketa apirilaren amaiera aldera Espainiako Gobernuak abian jarritako ekimen bat da. Adin-tarte guztietako eta hainbat eremu geografikoetako 90.000 boluntario espainiarrek hartu zuten parte bertan, eta helburua biztanleriaren zein ehunekok garatu zituen koronabirusaren aurkako antigorputzak eta zuten immunitate maila neurtzea zen.
Infekzioa lehen etapetatik
Osasun Ministerioaren web orrialdean azaltzen denez, test azkarrek “ez dute gaixotasuna atzematen”, ezta “pertsona bat kutsagarria den ala ez ondorioztatu” ere.
PCR probek, aldiz, gaixotasunaren lehen faseetan ere atzemateko aukera ematen dute. Horretarako, beranduago laborategian aztertuko diren lagin nasofaringeoak hartzen dira, eta haietan birusaren material genetikoaren zatirik ba ote dagoen detektatzen du.
Osasun Ministerioak gogoraraz, arnas traktuaren laginekin egindako proba molekular mota horiek, hala nola, PCRak, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) gomendatzen ditu COVID-19 kasuak atzeman eta baieztatzeko; test azkarrak, berriz, “egoera eta ikerketa jakin batzuetarako” baino ez dira gomendagarriak.