Gizartea -

KORONABIRUSA

605 positibo berri zenbatu dituzte Euskadin eta 111 Nafarroan

EAEn 56 ospitaleratze izan dira eta aurreko egunean baino zortzi gaixo gehiago daude zainketa intentsiboetako unitatetan. Nafarroan 10 ospitaleratze izan dira, horietako bat zainketa intentsiboetan.

PCR probak Irungo taberna bateko bezeroei. Argazkia: EFE
PCR probak Irungo taberna bateko bezeroei
Kutsatuen kopuruak azken egunotako joerari eutsi dio, baina ospitaleratzeak gora doaz

1:18

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin asteazkenean atzemandako kutsatze berrien kopurua 605era igo da, bezperan baino 59 gehiago. Egun batean ospitaleratuak izaten diren pertsonen batez besteko kopuruak beherakada txiki bat (56 gaur eta 61 atzo) izan duen arren, ospitaleratutako pertsonen kopuruak gora egin du: 47 zainketa intentsiboetako unitateetan daude, atzoko balantzean baino 8 gehiago.

Osasun Sailak eguneratutako datuen arabera, guztira 9.145 PCR proba egin ziren, eta, beraz, positiboen ehunekoa % 6,6koa izan zen. Beraz, atzoko datuarekin alderatuta (%6,1), gora egin du.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, kutsatze gehienak Bizkaian atzeman dituzte, 360 (bezperan 246), Gipuzkoan 165 (asteartean baino bi gehiago) eta Araban 53. PCR proban positibo eman duten beste 27 pertsona, berriz, Euskaditik kanpo bizi dira.

Atzo 56 pertsona ospitaleratu zituzten, eta gaur egun 47 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino 8 gehiago.

R0 indizea, gaixo batek infektatu ditzakeen pertsonen kopurua adierazten duena, 0,94ra jaitsi da. Hala, uztailean eguneroko kasuen kopurua berriro igo zenetik izan den kopururik txikiena eskuratu da.

Datuak udalerriz udalerri aztertuta, Bizkaian, 32 positibo zenbatu dituzte Barakaldon, 126 Bilbon eta 20 Getxon. Araban, 53 kasu berri guztiak Gasteizen atzeman dituzte, eta Gipuzkoan, berriz, 58 positibo atzeman dituzte Donostian, 26 Hernanin eta 7 Irunen.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak aztertu daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Osasun Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat lekutan egiten ari diren baheketen berri eman du; Mungiako Goieta tabernari lotutakoa, esaterako. Atzo 242 PCR proba egin zituzten, eta, oraingoz, 120 emaitza lortu dira, tartean bi positibo.

Taberna horretan egon ziren eta PCR probak egin behar dituzten beste 282 pertsona daude gaurko deituta.

Irungo Gaztelumendi tabernari dagokionez, 445 PCR egin zituzten atzo arratsaldean, eta horietatik 427k negatibo eman dute. 353 pertsona deitu dituzte gaurko.

Azkenik, Gasteizko ertzain etxeko profesionalen datuei dagokienez, 325 proba egin dituzte, eta horietako hiruk eman dute positibo.

Nafarroan, 111 positibo berri

Nafarroan 111 kasu positibo berri erregistratu zituzten atzo, 1.813 PCR proba egin ostean. Gainera, hamar ospitaleratze izan ziren, horietako bat zainketa intentsiboetan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera.

Egun horretan ez zen inor hil COVID-19aren ondorioz. Beraz, orotara, 536 heriotza izan dira.

Zonaldeka, Iruñean eta Iruñerrian positiboen % 46 erregistratu da, Tuteran intzidentzia altua da (kasuen % 27) eta Lizarrak aurreko egunetako antzeko datuak ditu (kasuen % 3).

Erregistratutako kasuen adin tarteen araberako banaketari dagokionez, talde nagusia 15 eta 29 urte artekoa da, kasu guztien % 33rekin; ondoren, 45 eta 59 urte arteko taldea dago, kasuen % 27rekin.

Ondoren, ordena honetan: 15 urtetik beherakoak (% 17), 60 eta 75 urte bitartekoak (% 10), 30 eta 44 urte artekoak (% 9) eta, azkenik, 75 urtetik gorakoak (% 4).

Kasu berrien batez besteko adina 33,2 urtekoa da, eta generoari dagokionez, % 48 gizonak dira eta % 52 emakumeak.

Nafarroako ospitale-sarean 87 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin, horietako 8 zainketa intentsiboetako unitateetan daude eta beste 10 etxean. Gainerakoak, 69 paziente, gela arruntetan daude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, gaur egun 10.411 dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilboko azken albisteak Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Ermua Eibar bideoak Eusko Jaurlaritza Tolosa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Zarautz berriak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Ordizia Albisteak Medikuak Getaria Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea Osasunbidea gaur