Publizitatea
Itxi

2020/09/14

19:05

Gizartea

Koronabirusa

Zaldibarko eta Soraluzeko eskolak itxita daude; Mungiakoa eta Amezketakoa, zabalik

EiTB.EUS

Gaur hasi dituzte klaseak Mungiako Bentades ikastetxean eta Amezketako Zumadi ikastolan. Abadiñon bi ikasgela itxi dituzte eta Nafarroan 1.500 ikasle baino gehiago daude koarentenan.

  • Zaldibar, Soraluze eta Amezketako eskolak itxita daude oraindik; Mungiakoa, zabalik

    Zaldibarko ikastetxea. Argazkia: Google Maps

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

EAEko ikastetxeetan iragan astean abiatu zuten 2020-2021 ikasturtea. Martxotik aurrez aurreko eskolek izandako etenaldiaren ondotik, modu mailakatuan itzuli ziren ikasleak zentroetara. Hain zuzen ere, Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen faseko ikasleak izan ziren eskolara bueltatzen lehenak.

COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurriak gorabehera, hainbat ikastetxek ateak itxi behar izan zituzten egun gutxira, irakasleen artean COVID-19 kasuak atzeman eta gero. Zaldibarko (Bizkaia) ikastetxean, esaterako, hainbat kasu positibo atzeman zituzten. Osakidetzak baheketa hasi zuen orduan eskola horretan, eta oraingoz ez dute irekitzeko baimenik jaso.

Soraluzeko (Gipuzkoa) BHI ikastetxea ere zarratuta dago, irakasle batek positibo eman zuela jakin zutenetik. Ikasleek ostegun gauean jaso zuten abisua, eta ostiralean klaseak bertan behera geratu baziren ere, gaur telematikoki ari dira eskolak ematen.

Bestalde, Amezketako (Gipuzkoa) Zumadi ikastetxean astebete atzeratu zuten ikasturtearen hasiera, eta gaur bertan ireki dute zentroa.

Mungiako (Bizkaia) Bentades ikastetxean ere, irailaren 9tik itxita egon ostean, ikasgeletara itzuli dira haurrak.

Abadiñoko bi ikasgela konfinatu dituzte

Abadiñoko Matiena Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeko bi ikasgelako berrogeita hamar bat haur konfinatu dituzte, koronabirus probetan ikasle batek positibo eman ostean.

Abadiñoko udal talde independenteko arduradunek jakitera eman dutenez, Eusko Jaurlaritza dagoeneko hasi da adingabe horiei PCR probak egiten, eta hamar egunez etxean egon beharko dute.

Hasiera batean Lehen Hezkuntzako seigarren mailako haur batek soilik eman badu ere positibo, bere ikasgela eta harremana izan duten beste bat konfinatu dituzte.

1.500 ikasle baino gehiago dago koarentenan Nafarroan

Bestalde, Nafarroan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, beste 46 talde jarri behar izan dituzte isolamenduan, 946 ikasle, hain zuzen ere. Guztira, 50 bat zentrotako 1.523 ikasle daude etxean bakartuta, positiboak direla eta.  

Nafarroako Gobernuak astelehen arratsaldean eguneratu ditu eskoletako egoerari buruzko datuak.

Balantze horren arabera, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleriaren (61.450) % 2,44 daude etxean bakartuta. Taldeak, berriz, % 2,24 dira.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena