Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadik positiboen jaitsiera izan du, eta Nafarroak kasu berriak bikoiztu ditu

EAEk 387 atzeman ditu eta Nafarroak 362. Araban 73 kasu berri atzeman dituzte, Bizkaian 163 eta Gipuzkoan 142. 9 kasu EAEtik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie.

Bi pertsona banku batean eserita, Donostian. Irudia: EFE
Bi pertsona banku batean eserita, Donostian
Bi pertsona banku batean eserita, Donostian. Irudia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEk 387 koronabirus kasu berri erregistratu ditu azken 24 orduetan, aurreko egunean baino 59 gutxiago. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman dituen datuen arabera, igandean 7.316 PCR proba egin dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan; aurreko egunean, aldiz, 9.357 PCR egin zituzten, ia 2.000 PCR test gehiago.

Egindako PCR proben gaineko positiboen ehunekoak apur bat gora egin du aurreko eguneko datuarekin alderatuta, orduan % 4,7koa izan baitzen, baina hil honen erdialdetik % 5 ingurukoa izaten jarraitzen du, eta kopuru hori gehienekotzat jotzen da erkidegoko transmisioa saihesteko.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban 73 kasu berri detektatu dituzte, Bizkaian 163 eta Gipuzkoan 142. 9 kasu, berriz, EAEtik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Araban, kutsatze gehienak (60) Gasteizen izan dira, larunbatean baino 13 pertsona gehiagok eman baitute positibo; Bizkaian, 163 kutsaduretatik 49 Bilbon izan dira, eta Donostian, 142 kasu berrietatik 35.

Ospitaleen egoerari dagokionez, igandean 53tik 57ra igo da zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutako pertsonen kopurua, baina 304tik 303ra jaitsi da gela arruntetan ospitaleratutako pazienteen kopurua.

Igandean, 22 pertsona ospitaleratu dituzte EAEko ospitaleetan COVID-19arekin lotuta, eta larunbatean, berriz, 25 pertsona ospitaleratu zituzten.

R0 indizeak (gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du) gora egin du apur bat asteburuan, baina 1etik behera jarraitzen du, ostiraleko 0,89tik larunbateko 0,9ra eta igandeko 0,95era igaro baita.

Nafarroan 362 positibo zenbatu dituzte

Foru Erkidegoko Osasun Sailak 362 COVID-19 kasu berri atzeman ditu atzo. Hamabi gaixo ospitaleratu dituzte, horietako bi zainketa intentsiboetako unitateetan, eta ez da bat ere hil.

Hala ondorioztatzen da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuetan, sistema publikoan 2.514 PCR proba egin ostean, % 14,4ko positiboarekin.

Nafarroako osasun-sare integratuak, alten eta bajen balantzea egin ondoren, 207 paziente ditu ospitaleetan, horietatik 25 zainketa intentsiboetako unitateetan.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian zenbatu dituzte positiboen % 52, Tuteran % 10 eta Lizarran % 4. Gainerako positiboak (% 3) Nafarroako beste eremu batzuetan atzeman dituzte.

Gaixoak adin-tartearen arabera bereiziz gero, gehienak (% 23) 30-44 urtekoak dira, baina antzekoa datua ikus daiteke 45-59 urtekoak (% 21) eta 15-29 urtekoak (% 20) aztertuz gero.

Horien atzetik daude 14 urtetik beherakoak (% 16), 60 eta 75 urte bitartekoak (% 11) eta 75 urtetik gorakoak (% 9).

Kasu berrien batez besteko adina 40,4 urtekoa da, eta generoari dagokionez, % 49 gizonak dira eta % 51 emakumeak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 15.107 pertsonakoa da.

31.428 kasu ostiraletik Espainian

Testuinguru honetan, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak zehaztu du 31.428 koronabirus kasu baieztatu dituztela ostiraletik (horietako 2.975, azken 24 orduetan). Horrenbestez, guztira 671.468 dira pandemiaren hasieratik kutsatutakoak, eta 30.663 hildakoak (311 hil dira azken 7 egunetan).

Beste behin ere, Madril izan da kutsatze gehien izan dituen erkidegoa (11.991 ostiraletik, eta 794 azken 24 orduetan).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasunari buruzko albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea Nafarroako Osasun Zerbitzua