Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadik 62 hildako izan ditu azken astean eta Nafarroak bat azken orduetan

EAEn 405 positibo berri zenbatu dituzte, baina kutsatutako pertsonen portzentajea % 5etik behera mantentzen da. Nafarroan ere gora egin dute positiboek: 425 kasu izan dira azken orduetan.

Basurtuko ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE.
Basurtuko ospitalea
Basurtuko ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin 405 kutsatu berri zenbatu dituzte asteartean, aurreko egunean baino 91 gehiago. Gainera, irailaren 14tik 20rako astean 62 pertsona hil dira COVID-19arekin.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan jakitera eman dituen datuen arabera, 9.760 PCR proba egin zituzten astearte honetan, eta horietatik 405 positiboak izan ziren, hau da, proba guztien % 4,1. Beraz, aurreko jardunaldiarekin alderatuta, berriz ere gora egin du kutsatze-ehunekoak, aurreko egunean 8.519 PCR proba egin baitziren Euskadin, eta horietatik % 3,6 (314) positiboak izan ziren.

Pandemiaren bigarren olatuan, COVID-19arekin hiltzen diren pertsonen kopuruak etengabe gora egin duela baieztatu da. Abuztuaren 10etik 16ra bitartean 3 gaixo hil ziren, eta 19, 27, 30 eta 46, hurrenez hurren. Irailaren 14tik 20ra bitartean, berriz hazi da kopurua, 62ra arte.

COVID-19aren ondorioz Euskadiko ospitaleetan ospitaleratutako pertsonen kopuruak behera egin du, 341 izatetik 331 izatera igaro baitira, eta horietatik 56 (bat gehiago) zainketa intentsiboetako unitateetan daude. Atzo 29 gaixo berri ospitaleratu zituzten, aurreko egunean baino 4 gutxiago.

Hala, kutsatze berrien kopurua 177ra igo da Bizkaian (aurreko egunean baino hamar gehiago), Araban 51 kasu izan dira (bat gutxiago), eta Gipuzkoan 169 kutsatu (82 gehiago). Halaber, zortzi kasu izan dira Euskaditik kanpo bizi diren pertsonen artean, aurreko eguneko berberak.

Arabako ia kasu guztiak Gasteizen izan ziren, 46 positibo eman zituzten, bezperan baino 2 gutxiago; beraz, azken egunetako beheranzko joerari eutsi zaio.

Bizkaian, Bilbo izan zen berriz ere kasu berri gehien (12) izan zituen udalerria, eta Barakaldoko (-7) eta Leioako (+17) 22 positiboak ere nabarmentzen dira.

Gipuzkoan, Donostian bikoiztu egin ziren kasu berriak, 20tik 40ra igaro baitziren; Irunen 17 erregistratu zituzten, hau da, bezperan baino 9 gehiago, eta Tolosan 9, hau da, 5 gehiago.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

R0 indizea, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, aurreko egunetan bezala 1etik behera mantentzen da eta 0,98an dago, atzoko balio bera.

Nafarroan, hildako bat eta 425 positibo

Foru Erkidegoak heriotza bat eta 425 kasu positibo berri zenbatu zituen atzo, Santos Indurain Osasun kontseilariak emandako datuen arabera.

Prentsaurrekoan azaldu duenez, atzo 3.000 PCR proba baino gehiago egin zituzten.

Gaur egun, 211 pertsona ospitaleratuta daude, horietako 25 zainketa intentsiboetako unitateetan, 33 etxean eta gainerakoak ospitaleko gela arruntetan.

"Ez dira datu onak", onartu du, eta norbanakoaren eta taldearen erantzukizunerako deia berretsi du, "zifra horiekin ezin garelako negura iritsi", baina "gaur egun erkidego osoaren konfinamendua ez dago mahai gainean".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasunari buruzko albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea