Gizartea -

KORONABIRUSA

Iparraldeko taberna eta jatetxeak 22:00etan itxiko dituzte

Frantziak 1.000 pertsonara mugatu ditu pilaketa handiak eta bilera publikoak hamar pertsonara. Herrialdeko ia hiri handi guztiak alerta gorrian daude.

Neurri horiek, printzipioz, bi astez aplikatuko dituzte. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Terrazak Ipar Euskal Herrian
Neurri horiek, printzipioz, bi astez aplikatuko dituzte. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuak murrizketa berriak ezarri ditu hamar bat hiritan, eta 101 departamendutatik 69 alerta gorrian daude, besteak beste, Ipar Euskal Herria; hori dela eta, hainbat neurri hartu beharko dituzte: tabernak eta jatetxeak 22:00etan ixtea, pilaketa handiak 1.000 lagunera eta bilera publikoak hamar lagunera mugatzea.

Osasun egoeraren degradazioaren aurrean, birusaren zirkulazio handieneko guneak hirutan banatu ditu Frantziako Gobernuak: alerta gorria, alerta indartua eta alerta maximoa.

Herrialdeko ia hiri handi guztiak alerta gorrian jarri ditu 100.000 biztanleko 100 kasu positibo baino gehiago izateagatik, horien artean Paris, Bordele, Tolosa, Lille, Saint-Étienne, Rennes, Rouen, Grenoble eta Montpellier, Olivier Véran Osasun ministroaren arabera.

Horietan guztietan, bilera handietan 1.000 pertsona (orain arte 5.000 ziren) baino ez dira bilduko; Parisen kasuan, Roland Garroseko tenis txapelketari eragiten dio nagusiki, igande honetan hasiko dena.

Gainera, debekatuta daude tokiko eta ikasleen jaiak, baita hamar pertsonak baino gehiagok espazio publikoetan bilerak egitea ere; horrez gain, datorren astelehenetik aurrera, tabernen itxiera aurreratuko dute, eta tokiko gobernuak eta prefekturak ezarriko dute, baina ezingo da inolaz ere 22:00ak baino luzeagoa izan.

Horrez gain, ahal den guztietan telelanaren alde egiteko eskatu dute, batez ere pertsona ahulenen kasuetan.

Bi lurralde soilik jarri dituzte alerta gorenean, Marseilla eta Guadalupe, eta sailkapen hori aplikatuko da intzidentzia-tasa 250 pertsonatik gorakoa denean biztanleria globalaren artean, edo 100 pertsonatik gorakoa adinekoen kasuan, edo zainketa intentsiboetako unitateetako oheen % 30 COVID-19ko pazienteek betetzen dutenean.

Eremu horietan, lehen aipatutako neurriei gehitu behar zaie taberna eta jatetxeak datorren astelehenetik aurrera erabat itxita egongo direla, bai eta jendea hartzen duten establezimendu guztiak ere, osasun-protokolo zorrotzak aktibatuta dituztenak izan ezik, hala nola antzokiak, museoak eta zinemak, horietan ez baitute eraginik izango.

Neurri horiek, hasiera batean, bi astetan aplikatuko dituzte, birusaren aurrerapena gelditzeko eta urrian eta azaroan ospitale-sistema saturatzea eragozteko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Frantzia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa