Gizartea -

Agurain (Araba)

"Pandemiaren ikasturtea aurrera ateratzeko baliabideak" eskatu dituzte ikastolek

"Ezinbestekoa izango zaigu baliabide gehiago eskuratzea", adierazi du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak.

Ikasturte hasierako ekitaldian ikastolen jaiei omenaldia egin zaie. Irudia: Ikastolen Elkartea.
Ikasturte hasierako ekitaldian ikastolen jaiei omenaldia egin zaie. Irudia: Ikastolen Elkartea.
Ikasturte hasierako ekitaldian ikastolen jaiei omenaldia egin zaie. Irudia: Ikastolen Elkartea.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aguraingo Harresi aretoan eman diote hasiera ikastolek 2020-21 ikasturteari, larunbat honetan egin duten ekitaldian. COVID-19 “pandemiaren ikasturtea” izango da, eta horren aurrean behar besteko baliabideak eskatu dituzte ikastolek, “boluntarismoarekin funtzionatu badaiteke ere, horrek muga duelako”.

2020-21 ikasturteari “pandemiaren ikasturtea” definitu beharko litzaiokeela adieraziz hasi du hitzaldia Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak, eta benetan zaila izango dela ohartarazi du, “protokoloak eta higiene neurriak, distantziak, garbitasuna eta beste hainbat neurri ezarrita ere, badakigulako pandemiak eragingo digula gure geletan”.

Aipatu du ikastolek, eta ikastetxe guztiek orokorki, aurre egin beharko diotela egoerari, jarri beharko dituztela beren eskuetan dauden tresna eta baliabide guztiak eragina ahal den txikiena izateko. “Eta horretarako ezinbestekoa izango zaigu baliabide gehiago eskuratzea”, erantsi du.

Puntu honetan orain arteko erantzuna administrazio ezberdinena askotarikoa izan dela azaldu du: “Frantziako Gobernuak, hitz gutxitan esatearren, utzikeria handiz jokatu du. Nafarroako Gobernuak baliabide batzuk ezarri ditu, ikusi behar horrekin nahikoa den egoerari aurre egiteko. Eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokienez, ikusteko dago nolakoa izango den erantzun hori”.

Tellitu: "Boluntarismoarekin funtzionatu badaiteke ere, horrek muga du"

“Hitz egiten ari gara, aztertzen ari gara, baina oraindik ez dakigu nola bukatuko den prozesua, eta presa dago, handia, ikasturtea hasita dagoelako eta epe motz batean boluntarismoarekin funtzionatu badaiteke ere, horrek muga duelako”, ohartarazi du Ikastolen Elkarteko presidenteak.

“Ikastetxeetan jakin behar dugu zer baliabide  izango dugun ikasturte honetan geletan gutxieneko baldintzak ziurtatzeko, jangela, garraio eta beste zerbitzuetan behar diren neurriak bideratzeko …. Espero dezagun erantzuna egokia izatea”, errepikatu du.

Ikasturte hasiera honetako lehentasuna egoerari erantzun duin bat ematea dela azpimarratua du Tellituk, “ahalik eta ondoen erantzutea”. Aurreko ikasturtean ikasitakotik ondorioak atera eta hobekuntzak eta zuzenketak proposatu eta egitera deitu du, ohartaraziz, iazkoa gogorra izan bazen, ikasturte hau ez dela aurrekoa baino errazagoa izango.

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eta Aguraingo alkate Ernesto Sainzek ere hartu dute hitza ekitaldian.

Ekitaldian elkarrizketa eskaini du Bildarratzek, eta ikasturtea behar bezala garatzeko “ardura elkarbanatuaz” hitz egin du.

Bestalde, Ikastolen ikasturte hasierako aurtengo ekitaldian ikastolen jaiei omenaldia egin zaie. Aurten, pandemiaren ondorioz, ezin izan dira ospatu Araba Euskaraz, Herri Urrats, Ibilaldia, Kilometroak eta Nafarroa Oinez. Baina urte osoan egindako lanaren aitortza egin zaie.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko ikastolen jaia Kilometroak Gipuzkoa Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Iparraldea berriak Nafarroa Oinez Araba Euskaraz Gizartea Albisteak Gaur Agurain Gaurko azken ordukoa Hezkuntza Nerabezaroa albisteak Zuberoa albisteak Covid birusaren olatu berria Lapurdi Nafarroa Behereko berriak Irakasleak