Gizartea -
DENBORALEA
Ahultzen ari da 'Alex' borraska, Donostian 8 metroko olatuak eragin eta gero
Haize zakarra, euria eta olatu handiak protagonista izan dira. Nizan (Frantzia) zortzi pertsona desagertu dira.
EITB.EUS
'Alex' borraskak eguraldi makurra ekarri du urriko lehen asteburuan. Haize ufada gogorrak, olatu handiak eta euria zarra-zarra izan dugu azken orduotan, baina ez da arazo handirik izan Euskal Herrian, errepideetan sortu diren ur putzuek eragindakoak alde batera utzita.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bost alerta laranja aktibatu ditu asteburu honetarako, bi nabigaziorako arriskuagatik, bi kostaldeko arriskuagatik eta bat haizeagatik. Halaber, hainbat abisu hori aktibatuko ditu nabigaziorako arriskuagatik, kostaldeko arriskuagatik, haizeagatik eta euriagatik.
Ostiral gauerditik larunbat eguerdira espero zen okerrena, baina ez da arazo nabarmenik izan. Hori bai, zenbait datu edo zenbaki deigarri utzi ditu eguraldiak azken orduotan: 148 km/h-ko haize ufadak Matxitxakon (Estatu osoko bortitzenak), 8,75 metroko olatuak Donostian eta 73 l/m² euri pilatu dira gauerditik 10:00etara Gautegiz-Arteagan, 62 l/m² Zegaman, eta 23,5 l/m² Bilbon, esate baterako.
Ibaiek gainezka egin dute hainbat tokitan, Mungian eta Maruri-Jataben (Bizkaia) eta Kanbon (Lapurdi), adibidez, baina ez dute arazo larririk sortu.
N634 errepidea, Zumaia eta Zarautz artean, ireki egin dute goizean zehar, eguratsak hobera egin ahala.
Larunbatean izango da denboralea gehien sentituko den eguna nahiz eta arratsaldean baretu egingo duen zertxobait. Nabigaziorako arriskuagatik ezarritako alerta laranja egun osoan egongo da indarrean, zazpi metrotik gorako olatuak espero direlako. Abisu horia ere indarrean egongo da egun osoan, eta itsasgorarekin batera alerta laranja ezarriko dute (05:00etatik 07:00etara eta 17:00etatik 19:00etara).
Haizeak gogor jotzen jarraituko du eta prezipitazio handiak izango dira.
Igandean egoera kaxkarra izango da, eta haizeak indarra galduko duen arren, oraindik ere nabarituko da. Gainera, eguneko azken orduan bost metroko olatuak izatea espero da. Halaber, nabigaziorako abisu horia egun osoan egongo da indarrean.
Zortzi pertsona desagertu dira denboraleagatik Frantzia hegoekialdean
Gure mugetatik kanpo, zortzi pertsona desagertuta daude Nizan, 'Alex' borraskaren eraginez, horietako bi suhiltzaileak dira.
Gainera, sare elektrikoan eta trenbide batzuetan arazoak eragin ditu denboraleak eta euri jasa handiak direla eta, itxi egin behar izan dute Nizako aireportua.
Gauerdira arte ez da espero eguraldiak hobera egitea.