Gizartea -

Koronabirusa

Tabernak egunez ere itxiko dituzte Ipar Euskal Herrian, hiru astez

Gainera, etxeratze-agindua gauerdian sartuko da indarrean. Herritarrak etxean egon beharko dira 21:00etatik 06:00etara.

Ipar Euskal Herriko taberna bateko terraza. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Ipar Euskal Herriko taberna bateko terraza
Ipar Euskal Herriko taberna bateko terraza. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak iragarri duenez, gauerdian indarrean sartuko den etxeratze-agindua ezinbesteko neurria da koronabirusak eragindako egoera epidemiologikoari aurre egiteko. Herritarrak etxean egon beharko dira 21:00etatik 06:00etara. Etxeratze-aginduak, baina, bestelako ondorioak ere izango ditu. Horren eraginez, hiru astez, tabernak eta joko-, erakusketa- eta kirol-aretoak itxiko dituzte.

Gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan eman ditu xehetasunak Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak.

Etxeratze-agindua tarteko, hiru astez, tabernak, joko-aretoak, erakusketa-aretoak eta zenbait kirol-areto estali itxiko dituzte, 21:00etatik 06:00etara. Hala ere, jatetxeek egunez ateak ireki ahal izango dituzte eta etxerako zerbitzua eskaini ahal izango dute. Edozein kasutan, 21:00etatik aurrera ezingo dute bezerorik hartu.

Testuinguru horretan, ostalaritza- eta turismo-sektoreak laguntzeko laguntzak iragarri ditu.

Bestalde, bilkura handietan gehienez ere 1.000 pertsona elkartu ahal izango dira. Lehen, 5.000 ziren. 

Etxeratze-agindua Ipar Euskal Herrian

Etxeratze-agindua beste 38 departamendutan ezartzea erabaki du Frantziako Gobernuak, tartean Pirinio Atlantikoetan eta, ondorioz, Ipar Euskal Herrian.

Frantziak 101 departamendu dauzka eta horietako 54tan ezarri dute etxeratze-agindua, pandemiaren bilakaera larria dela argudiatuta.

Horrela, bada, Ipar Euskal Herrian galarazita egongo da kalean ibiltzea 21:00etatik 06:00etara bitartean, ezinbesteko arrazoiengatik ez bada behintzat, hala nola lanera edo osasun-zentrora joan behar izatea.

"Esan ditzagun gauzak argi. Egoera larria da", ohartarazi du Jean Castex Frantziako lehen ministroak. Bigarren oldea iritsi dela eta birusa azkar hedatzen ari dela erantsi du.

Etxeratze-agindua prebentzio-neurria dela eta bere eraginkortasunaren arabera neurri murriztaileak gogortzea ala ez erabakiko dutela zehaztu du.  

Horrez gain, Olivier Veran Osasun ministroak azpimarratu du birusa abiadura "kezkagarrian" ari dela zabaltzen, udaberrian baino motelago bada ere.

Frantzian, joan den abuztuan, 100.000 biztanleko 10 kasu positibo izan ziren. Orain, tasa hori 251ra igo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Baiona Biarritz bideoak Maule Donibane Garazi argazkiak Hendaia argazkiak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Tabernak Zuberoa Koronabirusa Lapurdi Nafarroa Beherea