Gizartea -

Alarma egoera

Jaurlaritzak uste du ez dela beharrezkoa neurriak gogortzea covid-19ari aurre egiteko

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan neurriak malgutu dituzte, Gabonak direla eta. Bitartean, Alemaniak konfinamendua zorroztea erabaki du, eta Italia gauza bera egitea aztertzen ari da.

Ignacio Garitano. Artxiboko argazkia: EFE
Ignacio Garitano.
Ignacio Garitano. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemiaren bilakaera aztertuta eta Gabonetako oporrak gainean direla kontuan hartuta, Europako hainbat herrialdek prebentzio neurriak zorroztea erabaki dute. Alemanian, esaterako, konfinamendua gogortuko dute, eta Italiako agintariak gauza bera egitea aztertzen ari dira.

Testuinguru horretan, Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak eta Munduko Osasun Erakundearen aholkulari izandakoak uste du datozen egunetan gogortu egingo direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarritako neurriak. Ildo horretan, taberna barruan zerbitzua ematea eta terrazetan erretzea bi hilabetez galaraziko lukeela esan du, urtarrilean hirugarren olatu bat izango dela ohartarazita.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Bengoak esan du "familia eta lagun arteko ospakizun handiak datorren urterako" utzi beharko genituzkeela, "herritar askok txertoa jarrita izan arte eta normaltasuna pixkanaka berreskuratuz goazenerako". "Gabonak salbatzearekin ezin gaitezke obsesionatu", erantsi du.  

"Jakinda txerto izango dugula eta txertaketa-kanpaina urtarrilean hasiko dela Europan, zergatik ez diogu hilabetez behintzat lehentasuna osasunari ematen beste gauza batzuen gainetik?", galdetu du.

Jaurlaritzak egungo neurriak nahikoa direla uste du

Alabaina, Eusko Jaurlaritzak uste du joan den astean iragarritako neurri-sorta nahikoa dela koronabirusari aurre egiteko, betiere herritarrek denak zorrotz betez gero. Hori bai, kasu positiboen beherakadan "geldialdia" izan dela onartu du.

Ignacio Garitano Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programarako eta Osakidetzako koordinatzaileak agerraldia egin du arratsaldean, pandemia Euskal Autonomia Erkidegoan izaten ari den bilakaerari buruzko datuak emateko, eta "zuhurtziaz" jokatzeko eta "une oro erne egoteko" deia egin dio gizarteari.  

Gabonetarako ezarri diren neurrien harira, "nahiko gogorrak" direla adierazi du eta bigarren olatuan "kutsatzeak jaisteko eta ospitaleetan presioa gutxitzeko" balio izan dutela ziurtatu du. Hortaz, etxeko konfinamendurik edo neurri murriztaile berririk ezartzea beharrezkoa ez dela iritzi dio.

"Azaroan baino hobeto gaude, baina beherako joera moteldu egin da", ohartarazi du. Halaber, hirugarren olatua saihestu daitekeela esan du, "ezarritako neurri gogorrak betetzen baditugu eta pandemia batean gaudela ahazten ez badugu", azpimarratu du.

"Herritar guztion esku dago egoerak okerrera ez egitea", gaineratu du, gizarteari neurri guztiak betetzeko "ahalegina" egin dezala eskatuta.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Alemania Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa