Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroak txertaketa kanpaina abenduaren 27an bertan hastea aurreikusten du

Nafarroak txertoaren 26.000 dosi ditu hitzemanda dagoeneko, eta horri esker, urtarrilean lehentasunezko taldeetako 13.000 pertsona inguru txertatuko dituzte.

Covid-19aren aurkako txertoa. Argazkia: EiTB
Covid-19aren aurkako txertoa. Argazkia: EiTB
Covid-19aren aurkako txertoa. Argazkia: EiTB

agencias | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina abenduaren 27an bertan hastea aurreikusten du, Espainiako Osasun Ministerioak eta erkidegoek adostu duten moduan.

Nafarroak txertoaren 26.000 dosi ditu hitzemanda dagoeneko (Pfizer laborategiarenak, oraingoz), eta lehentasunezko lehenengo bi taldeetako 13.000 pertsona txertatzea ahalbidetuko du: egoitza soziosanitarioetako egoiliarrak eta bertako langileak, 7.600 eta 5.300 pertsona gutxi gora-behera, hurrenez hurren.

Dosi hornidura handitu egingo dute pixkanaka, sektore zaurgarrienetatik hasita, beste guztietaraino, Nafarroako Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez.

Lehenengo fase horretan erresidentzietako egoiliarren % 90, osasun langileen % 70 eta 65 urtetik gorakoen % 85 txertatzea da helburua. Datorren astean zehaztuko dute kronograma.

Foru Erkidegoak txertaketarako puntu sare zabala jarriko du, 134 osasun zentro eta bestelakoekin. Gero zentro soziosanitarioetako egoiliarrak eta langileak txertatzeko 14 talde berezi ere jarriko dituzte martxan.

Era berean, sei ospitale publiko eta pribatuek parte hartuko dute: Nafarroako Ospitalea, Tuterako Reina Sofia, Lizarrako Garcia Orcoyen, Nafarroako Unibertsitatea Klinika, San Miguel Klinika eta San Juan de Dios. Profesionalak txertatzeko zirkuitu propioak osatuko dituzte.

Eusko Jaurlaritza

Itxura guztien arabera, koronabirusaren aurkako txertaketa kanpaina abenduaren 27an hasiko da Europar Batasunean. Okerrik ezean, Europako Botiken Agentziak datorren astelehenean emango dio argi berdea Pfizerren txertoari, eta, horrela bada, txertaketa hilaren 27an hasiko da. Eusko Jaurlaritzak ez daki txertoaren zenbat dosi jasoko dituen, ezta txertaketa zein egunetan hasiko den ere.

Zehaztapen horien zain egon barik, lanean hasi dira jada Eusko Jaurlaritzako hainbat sail: Osasun Saila; Segurtasun Saila; eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila. Hiru alorretako arduradunek kanpaina diseinatzeari ekin diote.

Abenduaren 27an, igandea, hasiko dira Espainian covid-19aren aurkako txertoa jartzen, Pfizer konpainiaren dosiak jaso eta biharamunean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa