Gizartea -

KORONABIRUSA

Beste 99 kasu atzeman dituzte Nafarroan eta % 4,4ra igo da positibo tasa

Sei heriotzaren berri ere izan zen atzo. Osasun Saila bigarren baheketa bat egiten ari da Irurtzunen. 30 eta 49 urte bitarteko 700 pertsona daude probetara deituta.

Osasun langileak PCR probak egiten. Artxiboko argazkia: EFE
Osasun langileak PCR probak egiten.
Osasun langileak PCR probak egiten. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Jauregi | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

99 covid-19 kasu atzeman zituzten atzo, ostirala, Nafarroan, Lan eta Herri Osasun Institutuak (ISPLN) larunbat honetan emandako behin-behineko datuen arabera.

Osasun sistema publikoak 2.232 proba egin zituen (1.564 PCR eta 688 antigeno test), eta horietatik % 4,4k positibo eman zuten.

Bezperan 65 kasu berri atzeman ziren eta positibo tasa % 3,5ekoa izan zen. Aurreko egunean, berriz, 124 positibo izan ziren eta % 6,8ko tasa.

Atzo lau pertsona hil ziren covid-19a dela eta: 64, 79 eta 93 urteko hiru gizon eta 92 urteko emakume bat; eta aurreko egunetan hildako beste bi pertsonen berri ere izan zuten (95 urteko gizon bat eta 76 urteko emakume bat).

Nafarroan, guztira, 938 heriotza eragin ditu koronabirusak pandemia hasi zenetik.

Iruñean eta bere eskualdean atzeman zituzten kasu berrien % 67, Tutera aldean kasuen % 22, Lizarraldean % 3, eta gainerako positiboak, % 8, Nafarroako beste eskualde batzuetan.

Erregistratutako kasu berrien adin tarteei dagokienez, talde nagusia 45-59 urte bitartekoa izan zen (% 24), eta, ondoren, 30-44 urte bitartekoa (% 21). Jarraian, 15 urtetik beherakoen taldea, kasuen % 19rekin, eta 15-29 urte bitartekoen tartea, % 16rekin. Azkenik, 60-75 urte bitartekoak daude, kasuen % 14rekin, eta 75 urtetik gorakoak, % 6rekin.

Ikuspuntu epidemiologikotik, atzo beste lau ospitaleratze izan ziren Foru Erkidegoan. Gaur egun, 154 pertsona daude ospitaleratuta covid-19rekin, horietako 18 ZIUn (atzo baino hiru gutxiago).

Pandemia hasi zenetik, 41.337 pertsona kutsatu dira Nafarroan.

Baheketa Irurtzunen

Bestale, Osasun Saila bigarren baheketa bat egiten ari da Irurtzunen. Joan den asteartean beste bat egin zuten, izan ere, familia artean emandako agerraldi bat gizarteko zein eskolako zenbait arlotara zabaldu zen. Bigarren baheketa honetara 30 eta 49 urte bitarteko 700 bat pertsona daude deituta.

Lehen baheketan, 150 pertsona inguru zeuden deituta, eta 22 positibo atzeman ziren. Aurreko 26 kutsatzeak kontuan izanda, 48 kasu erregistratu dira guztira, eta Osasun Zerbitzuak nahiz udal-erakundeak agerraldia behatzen ari dira. Une honetan, bederatzi gela daude konfinatuta herriko Atakondoa eskolan.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, Gabonetako mugikortasun murrizketei buruzko erabakiak covid-19aren kutsatze kopuruaren arabera hartuko dituzte, eta, beraz, datuei so jarraituko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan

423 covid-19 kasu berri izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan azken orduetan, aurreko egunean baino 42 gutxiago, eta positibo tasa % 3,3ra jaitsi da.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren emandako datuen arabera, ostiralean 12.906 proba diagnostiko egin ziren guztira erkidegoan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Donostia Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea