Gizartea -

Koronabirusa

Consuelo, Begoña, Bernardina eta Francisco, txertoa jasotzen aurrenak Euskal Herrian

Gasteiz, Elorrio eta Hondarribiko adinekoen egoitzetako hiru emakume lehenengoak izan dira EAEn. Francisco Guerrero iruindarra aurreneko nafarra izan da.

Consuelo Landa, Begoña del Olmo, Bernardina Escudero eta Francisco Guerrero. Argazkia: EFE
Consuelo Landa, Begoña del Olmo, Bernardina Escudero eta Francisco Guerrero. Argazkia: EFE
Consuelo Landa, Begoña del Olmo, Bernardina Escudero eta Francisco Guerrero. Argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteiz, Elorrio (Bizkaia) eta Hondarribiko (Gipuzkoa) adinekoen egoitzetako hiru emakume covid-19aren aurkako txertoa jasotzen lehenengoak izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan. 70 urteko Francisco Guerrero Cana, Patxo, iruindarra aurreneko nafarra izan da. El Vergel egoitzan jaso du txertoa.

91 urteko Consuelo Landa Arabako hiriburuan; 80 urteko Begoña del Olmo Bizkaian eta 87 urteko Bernardina Escudero Gipuzkoan, Pfizer Biontechen txertoa jaso duten hiru emakumeak izan dira.

Osakidetzako 16 profesionalek 405 dosi emango dituzte EAEko hiru egoitza horietan, egunean zehar: 140 dosi Gasteizko zentroan, 85 Elorriokoan eta 180 Hondarribikoan.

DFG Gipuzkoako Botika Banatzailearen furgoneta 11:55 aldera heldu da Hondarribiko Caser Betharram egoitzara, Ertzaintzaren ibilgailu bat bizkartzain zuela. 140 txerto dosiak txalo artean hartu dituzte zentroko langileek eta adinekoek.

DFGko behargin batek Bidasoako OSIaren osasun langileei kutxa entregatu die, eta 12:06 aldera 87 urteko Bernardina Escudero oiartzuarra aretoan agertu da, zentroko langile batek lagunduta, txertoa jasotzeko prest.

Adinekoa “lasai eta pozik” azaldu da une oro, Ainara Sarasola Osakidetzako profesionalak dosia eman dionean. Ondoren, egoitzako kristalaren bestaldetik argazkilariak eta telebistako kameralariak agurtu ditu.

Consuelo Landa: "Ez dut beldurrik sentitu"

Consuelo Landak bederatzi urte daramatza Gasteizko Ajuria egoitzan. “Gauzak ondo ateratzea”, espero du Landak, gizarte osoaren mesedetan izango delako. Araban txertoa jasotzen lehena izateagatik, “beldurrik” sentitu ez duela ziurtatu du.

Txertoak 09:30 aldera iritsi dira Euskadira furgoneta batean. Ibilgailua Guadalajaratik heldu da, Guardia Zibila bizkartzain zuela, Armiñonera (Araba), bertan Ertzaintza zuen zain.

Furgoneta Gasteizera abiatu da, non Txagorritxu Ospitaleak hartu du 10:00ak aldera. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Iñaki Berraondo sailburuordea, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia eta Itziar Larizgoitia Osasun Publikoko zuzendaria bertan ziren.

“Pandemiaren aurkako borrokan bide berri bat hasten da”, azpimarratu du Sagarduik. Astelehenetik aurrera astero 16.000 dosi jasotzea espero dute, sailburuak gogorarazi duenez. Egoitzetako pertsona zaurgarriek, langile soziosanitarioek eta ondoren Osakidetzako profesionalek jasoko dutela erantsi du.

Iñigo Urkullu lehendakariak Europa osoan hasi berri den txertaketa hizpide izan du sare sozialetan. Nahiz eta agintariak "itxaropen izpi" bat dela onartu, pertsonak babesten jarraitu behar direla nabarmendu du.

Zentzu horretan, txertoarekin "pertsona guztiak babesteko, hilabete asko" beharko direla gogorarazi du Urkulluk. "Prebentzioa eta auto-babesa guztiz" beharrezkoak dira kutsatzeak saihesteko, azpimarratu duenez.

"Neurri guztiak zorrotz eta erantzukizunez betetzen jarraitu behar dugu. Egindako esfortzu guztia ez dugu ahaztu behar", adierazi du lehendakariak.

El Vergelen, 150 adinekotik 7k soilik txertoa jasotzeari uko egin diote. Igande honetan 143 dosi emango dituzte profesionalek, eta datozen egunetan sendagaia Nafarroako zentro soziosanitario pribatu eta publikoetan banatuko dute, urtarrila eta otsaila artean, 13.000 profesionali eta adinekori txertoa jartzeko.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea El Vergel egoitzan izan da, lehen txertaketen lekuko izateko. Astearte honetan txertoa Nafarroako adinekoen egoitza guztietara helduko da. Bertako langileek ere jasoko dute. "Itxaropen eta ilusio" unea da, azpimarratu du Chivitek.

Francisco Guerrero: "Hasiera batean ez nuen atsegin, pixka bat beldurtia naizelako, baina 'etxekoandreak' konbentzitu nau"

“Iragan martxotik osasun krisiari aurre egiteko guztia eman dutenei” eskerrak eman dizkie Chivitek. Txertoa ematen hastearekin batera “tunelaren amaieran argia ikusten” hasiko direla uste du buruzagiak, baina zuhurtzia eskatu du, “oraindik gudua irabazi ez dugulako; koronabirusarekin elkarbizitzen jarraitu beharko dugu”.

Dosia jaso ondoren, Francisco Guerrero “pozez zoratzen” agertu da. Txertoak egoitzako pertsona guztien artean “poztasun handia” sortu duela onartu du Guerrerok. Aldi berean, zentroko behargin guztien lana eskertu du adinekoak, hilabete hauetan “gelditu barik lan egin dutelako”.

Txertoa jasotzeko eskaintza “hasiera batean ez nuen atsegin, pixka bat beldurtia naizelako, baina ‘etxekoandreak’ konbentzitu nau”, esan du Patxo-k umoretsu.

Montse Equiza El Vergel egoitzako zuzendariaren hitzetan, egun “alaia” eta “historikoa” da; baina “eginahalak egin ditugun egun frenetikoen” ostean, guztia prest izateko “urduritasuna” ere onartu du.

“Oso ilusionaturik eta pozik gaude, amaieraren hasiera delako, eta txertoak aurrera jarraitzeko motibazioa ematen digu”, adierazi du zentroko zuzendariak. Guerrerok “dagoeneko urte asko daramatza zentroan, oso aktiboa eta laguntzailea da, eta egoitzako jarduera guztietan presentzia du”, azpimarratu duenez.

Santos Indurain Osasun kontseilaria irmo azaldu da: “txertoak bizitza suposatzen du”. “Itxaropen” mezu bat zabaldu du agintariak, pandemia “bukaeraren hasiera” delako.

Txertoaren aurreneko dosiak 10:00ak aldera heldu dira Refenako instalazioetara, Guadalajarako Pfizer konpainiaren logistika gunetik. Foruzaingoak babestu ditu.

Santos Indurain: "Txertoak bizitza suposatzen du"

Bertatik hozkailu isotermiko batean eraman dituzte El Vergel egoitzara. Era berean, Andrea Blanco eta Raquel Castan erizainek eta Gonzalo Mendez osasun larrialdietako teknikariak osatutako lantaldea bertaratu da.

Dosiak desizoztuta iritsi dira Nafarroara. Andrea Blanco erizainak 10:53ean eman du lehen txertoa. Bigarren dosia 21 egun barru jasoko dute gaurko txertatuek.

Osasun Departamentuak egindako aurreikuspenen arabera, beti ere Estatuarekin lankidetzan eta txertoen eskuragarritasunaren menpe, ia 36.000 pertsonari txertoa jarriko diete datorren urteko lehen hiruhilekoan.

Martxotik aurrera, gainerako biztanleriari txertoa jartzen hasiko lirateke, pixkanaka-pixkanaka, arrisku taldetan antolatuta eta Osasun Ministerioak ezarritako argibideak jarraituz.

Ipar Euskal Herriko biztanleek, ostera, astebete itxaron beharko dute txertoa hartzen hasteko. Frantziako Gobernuak egindako plangintzaren arabera, urtarrilaren 4an ekingo diote txertaketa kanpainari, Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko zahar-egoitzetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Sendagaiak Txertoak Zuberoa Koronabirusa Lapurdi Nafarroa Beherea Pertsona edadetuak