Gizartea -

KORONABIRUSA

302 kasu berri atzeman dituzte EAEn eta % 7,3ra igo da positibitate tasa

Bizkaian 119 positibo berri zenbatu dituzte, Gipuzkoan 95 eta Araban 80. 23 lagun ospitaleratu dituzte, eta 77 pertsona daude gaur egun ZIUn.

PCR proba. Argazkia: EFE
PCR proba
PCR proba. Argazkia: EFE

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak Euskadin duen eraginak goranzko joera mantendu du azken 24 orduotan. Kasu berri gutxiago atzeman dituzte, baina positibitate tasa % 7,3ra igo da, Osasun Sailak larunbat honetan jakitera eman duenez. Bezperan % 6,9koa izan zen eta aurreko egunetan % 6 inguruan egon zen.

Atzo, 4.139 froga diagnostiko egin ziren (PCR eta antigeno testak) eta horietatik 302 positiboak izan ziren. Aurreko egunean 490 kasu atzeman zituzten, baina proba gehiago ere egin zituzten: 7.111.

Lurraldeka, Bizkaian 119 positibo berri zenbatu dituzte, Gipuzkoan 95, eta Araban 80. Era berean, EAEtik kanpo bizi diren 8 pertsonen positiboak ere atzeman ziren.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, bi pertsona gutxiago daude ZIUn, baina 23 pertsona gehiago ospitaleratu zituzten atzo ospitaleetan covid-19arekin.

Astelehenera arte ez dituzte Euskadiko intzidentzia metatua, herriz herriko datuak, eta R0 indizea eguneratuko.

Bi hildako Bizkaiko egoitzetan

Bestalde, gaur jakin da bi pertsona hil direla azken hiru egunetan Bizkaiko adinekoentzako egoitzetan.

Aldundiak ezagutzera eman duenez, 134 kutsatu eta 22 ospitaleratu zeuden atzo, ostirala, Bizkaiko egoitza-sarean (154 zentro 10.748 plazarekin) covid-19agatik.

Gainera, 177 langilek positibo eman dute eta beste 99 isolamenduan daude.

133 pertsona hil dira covid-19agatik Bizkako egoitzetan, pandemiaren bigarren olatuan.

Lau hildako Gipuzkoako egoitzetan

Gainera, Gipuzkoako egoitzetan beste lau adineko hil dira azken orduetan. Bigarren olatuak 135 hildako utzi ditu dagoeneko zentroetan.

Foru erakundeak jakitera eman duenez, Gipuzkoako zentroetan 19 pertsona sendatu dira azken orduetan. 35 pertsona lurraldearen erreferentziako zentroetan daude covid-19ak jota: Eibarko Ospitalearen solairu sozialean eta Ordiziako San Jose zentroan.

Egun 99 kasu aktibo daude Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. 539 pertsona sendatu dira bigarren olatuan.

Ehundik gora kasu atzematen jarraitzen dute Nafarroan

Nafarroan, berriz, 100eko langa gainditu dute berriz ere covid-19 kasu berriek, bosgarren egunez jarraian. Izan ere, 103 positibo atzeman ziren atzo, ostirala, Foru Erkidegoan, Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak