Gizartea -

KORONABIRUSA

57 pertsona hil dira azken astean EAEn covid-19aren ondorioz

Kutsatzeak 501era jaitsi dira, baina positibotasun tasa % 6,9ra igo da. 33 pertsona ospitaleratu dituzte azken 24 orduetan eta 72 zainketa intentsiboetako unitateetan daude.

Zainketa intentsiboetako unitatea Iruñean. Argazkia: EFE.
Zainketa intentsiboetako unitatea Iruñean
Zainketa intentsiboetako unitatea Iruñean. Argazkia: EFE.

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin 57 pertsona hil dira azken astean covid-19aren ondorioz, Osasun Sailak jakitera eman dituen datuen arabera; azken orduetan, berriz, 501 kutsatu atzeman dituzte. Hala ere, proba diagnostikoei dagokienez, positiboen tasa puntu bat baino gehiago igo da, % 6,9raino.

Osasun Sailaren buletin epidemiologikoaren arabera, asteazkenean aurreko egunean baino 78 kasu gutxiago detektatu zituzten eta 7.235 proba diagnostiko egin zituzten, hau da, asteartean baino 2.807 proba gutxiago.

Ospitaleko presioa apur bat igo da, 364 paziente ospitaleratuta baitaude, bezperan baino zortzi gehiago, nahiz eta ospitaleratze berriak 48tik 33ra jaitsi diren. Zainketa intentsiboetako unitatean dauden eta koadro larrienak dituzten pazienteak 71 izatetik 72 izatera jaitsi dira.

Abenduaren 28tik urtarrilaren 3ra bitartean 57 pertsona hil ziren zuzeneko kausa gisa, aurreko asteko berbera, eta kopuru hori da azken asteetako txikiena, abenduaren erdialdean bigarren olatuaren gailurrera iritsi ostean (99 hildako).

Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian igo dira gehien kasuak, 290, Gipuzkoan 131 eta Araban 73. Gainera, Euskaditik kanpo bizi diren zazpi pertsonak positibo eman dute.

100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasak okerrera egin du, astearteko 252 kasuetatik asteazkeneko 255,4ra igaro baita Euskadi osoan. Araba da daturik txarrena duen lurraldea, 272,2 kasu izan baititu; ondoren, Gipuzkoa (265,9) eta, azkenik, Bizkaia (238,2).

Datu positibo gisa, R0 zenbakia, gaixo dagoen pertsona batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, 1,15etik 1,14ra jaitsi zen asteartean, eta atzo, asteazkena, are gehiago jaitsi zen, 1,10ean kokatzeraino.

5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriei dagokienez, "eremu gorria" deiturikoan kokatutakoak, bostetik laura murriztu dira.

Arrigorriaga (Bizkaia) eta Aretxabaleta (Gipuzkoa) irten dira zerrendatik, baina Lekeitio sartu da, egoera epidemiologikoa okertu ondoren. Bermeok ere "eremu gorria" jarraitzen du. Gipuzkoaren kasuan, Beasainek eta Lazkaok "eremu gorrian" jarraitzen dute.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Euskadik berriro ekin dio koronabirusaren aurkako txertaketa prozesuari, atzo, etenaldia egin ostean.

Lau heriotza Bizkaiko egoitzetan eta foku berri bat Bilbon

Bizkaiko adinekoen egoitzetako lau pertsona hil dira azken orduotan covid-19aren ondorioz. Pandemiaren bigarren olatuan 137 pertsona hil dira jada zentro horietan, kutsadurek gora egiten jarraitu duten bitartean, eta foku berri bat aurkitu dute Bilboko zentro batean.

Foku berria Bizkaiko hiriburuko Anai Cantero I egoitzan aurkitu dute; bertan, zentroan PCR proben baheketa osoa egin ostean, koronabirusaren gaixotasuna zuten 20 egoiliar zenbatu dituzte, beste bi ospitalera eraman dituzte "sintomekin" eta hamar langilek positibo eman dute, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez.

"Emaitzak gaur goizean bertan ezagutu dira eta zenbaketa orokorrari gehituko zaizkio hurrengo eguneraketatik aurrera", zehaztu du Aldundiak.

Gipuzkoan, bi pertsona hil eta beste lau kutsatu dira azken orduetan adinekoen egoitzetan, eta 19 erabiltzaile sendatu dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, abuztuan gaixotasunaren bigarren olatua hasi zenetik 143 pertsona hil dira instalazio horietan, eta 568 sendatu dira.

Horrela, gaur egun 67 kasu aktibo daude, eta horietako 17k Eibarko eta Ordiziako erreferentziazko zentroetan jarraitzen dute.

Foru Gobernuak ostegun honetan eman du egoitzetako egoeraren berri (154 zentro 10.748 plazarekin), atzo, urtarrilak 6, itxi zutenean, 165 erabiltzaile zeuden positibo emanda, aurreko txostenean baino 22 gehiago, eta beste 26 ospitaleratuta, lau gutxiago.

Kutsatzeak Estatuan

Espainiako Osasun Ministerioak 42.360 kasu berri jakinarazi ditu gaur, osteguna, eta pandemia hasi zenetik Espainian kutsatutakoen kopurua 2.024.904ra igo da. Azken 24 orduetan 6.498 pertsonari diagnostikatu diete koronabirusa.

Era berean, Espainian azken 14 egunetan kutsatutakoen batez besteko intzidentziak gora egiten jarraitzen du, eta 100.000 biztanleko 321 kasutan kokatu da.

Covid-19ren ondorioz hildakoei dagokienez, Salvador Illak zuzentzen duen sailak 245 gehiago jakinarazi ditu ostegun honetan. Hori dela eta, Espainian 51.675 pertsona hil dira koronabirusak jota.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak