Gizartea -
Koronabirusa
Aretxabaletak eta Arrigorriagak ostalaritza ireki ahal izango dute berriro
Lekeitio, Mundaka, Ispaster (Bizkaia) eta Aizarnazabal (Gipuzkoa) zerrendan sartu dira. Guztira, 10 udalerrik ezin izango dituzte ostalaritzako establezimenduak ireki, pandemiaren bilakaera dela eta.
E. G. | EiTB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko 10 udalerritako (Gipuzkoako sei eta Bizkaiko lau) ostalaritzako establezimenduek ezin izango dituzte ateak ireki, covid-19aren pandemiaren bilakaera dela eta.
Osasun Sailak ostegun honetan jakitera eman duen ebazpen baten arabera, 100.000 biztanleko 500 kasutik gora dituzten 5.000 biztanletik gorako udalerriak ondorengoak dira: Beasain, Bermeo, Lazkao, Lekeitio. Herri horiek ezin izango dituzte tabernak eta jatetxeak ireki.
Ildo horretan, Aretxabaletak eta Arrigorriagak zerrenda horretatik ateratzea lortu dute, azken egunetako datuak hobetu baititu.
Bestalde, Aizarnazabalen, Ataunen, Eskoriatzan, Olaberrian (Gipuzkoa), Ispasterren eta Mundakan (Bizkaia) ostalaritza ez irekitzea erabaki du Osasun Sailak. Kasu honetan, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriak diren arren, Gotzone Sagarduik zuzentzen duen Sailak uste du bertako egoera epidemiologikoak tabernak eta jatetxeak ez irekitzea eskatzen duela.
Hala eta guztiz ere, astelehenero eta ostegunero ebazpen berri bat argitaratuko dute, udalerri horietan pandemiak izan duen bilakaera ezagutarazteko, eta, horrenbestez, tabernak irekitzeko debekua kendu dieten ala ez jakinarazteko.