Gizartea -

KORONABIRUSA

Bengoak etxeko konfinamendu 'laburragoa' babestu du

Egoera martxokoaren antzekoa edo okerragoa dela uste du, eta, beraz, martxoko neurri berak hartzearen alde egin du. Txertaketa "azkartzen bada", "uda erdi normala" izango dela gaineratu du.

Rafael Bengoa. Argazkia: EFE
Rafael Bengoa.
Rafael Bengoa. Argazkia: EFE

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafael Bengoa MOEren Osasun Sistemen zuzendari ohi eta Barack Obamaren aholkulari ohiak ohartarazi duenez, covid-19aren pandemiaren datuei erreperatuz gero, "martxoan bezala edo okerrago" gaude; beraz, martxoan hartutako neurriak hartzeko beharra ikusi du. "Hiru edo lau asteko" etxeko konfinamendu "laburrago" baten alde egin du, "uda erdi normal bat" izan daitekeela iritzita.

Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak esan du gizartearen zati handi batek "etxeko konfinamendu bat egitea" beharrezkotzat jotzen duela, "nahiz eta hiruzpalau astekoa izan", eta gehitu du kontzientzia hori gobernu-mailan falta dela.

Bengoak adierazi duenez, Gabonetan kutsatzeak asko hazi dira, eta orain eragin hori jasaten ari gara. Era berean, ohartarazi du ez dakigula zehazki "gure artean Erresuma Batuko aldaera ba ote dagoen edo ez", eta, "ziurrenik, aldaera horren presentzia uste baino handiagoa" dela.

Bere ustez, konfinamendu batek "nazio mailako esku-hartzea" behar du, eta, beraz, une honetan, "behar den araudia prestatzen egon beharko lukete, nahi duten herrialde guztiek edo autonomia erkidegoek etxeko konfinamendua egin ahal izateko". Zehaztu duenez, orain konfinamendu hori "ez litzateke martxokoa eta apirilekoa bezalakoa izango, laburragoa baizik, hiru edo lau astekoa", eta horrek "adierazle guztien intzidentzia metatua murriztea" ahalbidetuko lukeela uste du.

Zentzu horretan, etxeko konfinamendua saihesteko, "tarteko zerbait" egiten saiatzen ari direla ohartarazi du, birus honen aurka "tarteko ezer" egiterik ez dagoenean. "Arrazoi politikoak medio, eta ekonomia bizirik mantentzeko, ahalik eta gutxien egiten ari dira eta kontrako eragina izaten ari da", gaineratu du Bengoak.

Rafael Bengoak azaldu duenez, lehengo konfinamendu horrek bere fruituak eman zituen, eta, orain, "bigarren olatuan izan zen erdibideko kontrol hori errepikatu nahi dute, baina baliteke oraingoan Erresuma Batuko aldaera gure artean izatea, askoz ere kutsagakorragoa dena; horrela ez bada ere, zenbakiak oso altuak dira". "Ez da pixkanaka igotzen ari, etengabe baizik, eta egoera kontatzen ari direna baino larriagoa da", ohartarazi du.

Txertaketa

Txertaketa-prozesuari dagokionez, "oso albiste ona" dela esan du; izan ere, "zientziak urtebete baino lehen merkatuan zenbait txerto izatea ahalbidetu du". Dena dela, gogorarazi du txertaketa-prozesuaren eraginkortasuna gobernuen esku dagoela neurri handi batean. Hori dela eta, beharrezkotzat jo du logistika bizkortzea.

Azpimarratu duenez, txertaketa-prozesua "ez da bizkortu behar soilik azken aldian horrenbeste entzuten ari garen talde-immunitatea lortzeko eta denak babestuta egoteko", baizik eta "birusa mutatzea saihesteko, hil dadin".

Txertaketa-prozesua bizkortzeko Bengoak uste du nahitaezkoa dela "bitarteko guztiak erabiltzea", baina txertaketaren erritmoa txertoen erabilgarritasunaren araberakoa izan daitekeela onartu du.

"Txertaketa-prozesua azkartuz gero, uda erdi normal bat izateko aukera izango dugu", esan du, baina, bien bitartean, "Gobernuaren neurriak errespetatu behar dira, eta hiruzpalau asteko konfinamendua egiten ez den bitartean, birusarekin biziko gara irailera edo urrira arte".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Osasun albisteak gaur Txertoak azken ordukoa COVID olatu berria MOE gaur