Gizartea -

KORONABIRUSA

62 pertsona hil dira azken astean eta 1.046 kasu berri atzeman dituzte

Joan den astean baino lau heriotza gutxiago erregistratu dira, horrenbestez. Bestalde, azken 14 egunetako tasa metatua 452,10era igo da.

Erizain bat, Modernaren txertoa eskuan. Argazkia: Irekia
Erizain bat, Modernaren txertoa eskuan.
Azken astean 62 pertsona hil dira Euskadin covid-19agatik

1:9

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eraginda, 62 pertsona hil dira Euskadin azken astean, hilaren 11tik 17ra doana, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Aurreko astearekin alderatuz gero, heriotza kopurua nahiko egonkor mantendu da, lau heriotza gutxiago zenbatu badira ere. 

Eguneko datuei dagokienez, asteartean 13.774 test diagnostiko egin dira (astelehenean baino 3019 gehiago), eta, haietatik, 1.046 positiboak izan dira, bezperan baino 152 gehiago. Hori horrela, positibotasun tasa % 7,6an kokatu da (aurreko egunarekin alderatuta, ia puntu bat jaitsi da).

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 452,10era igo, eta zazpi eguneko tasen arrazoia 1,34an kokatu da. Lurraldeka, Gipuzkoak du tasa metaturik txikiena (397,25); Bizkaiak, aldiz, handiena (486,49). Tartean kokatzen da, beraz, Araba, 408,53rekin.

Era berean, R0a (pertsona batek ustez beste zenbat pertsona kutsatuko dituen adierazten duena) 1,09koa da, azken hiru egunetan izandakoaren oso antzekoa.

Beste behin, Bizkaian atzeman dituzte kutsatze gehien: azken orduetan 616 zenbatu baitira. Ondoren dator Gipuzkoa (298), eta azkenik, Araba (110). Halaber, EAEtik kanpo bizi diren 22 pertsonak eman dute positibo azken orduetan (bezperan baino 17 gehiago).

Ospitaleetan dagoen presioari dagokionez, 83 pertsona ospitaleratu dira azken orduetan, eta hala, guztira, 465 pertsona daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan, astelehenean baino 17 gehiago. ZIUn 97 gaixo daude, bezperan baino bat gehiago.

18 udalerri gorrian

Azpeitia eta Pasaia kutsatze maila altuena duten herrien zerrendara gehitu dira azken orduetan, eta horrenbestez, 18 dira gorriz margotutako udalerriak EAEn, Eusko Jaurlaritzaren koloretako semaforoaren arabera. Hala, litekeena da bi udalerri gipuzkoar horiek, baina baita Bilbo eta Durango ere, perimetralki konfinatutako herrien artean egotea ostiralean. Gaur gaurkoz, 32 dira itxitako udalerriak.

Beste bi hiriburuak, Gasteiz eta Donostia, eremu laranjan daude oraindik, 405,91 eta 405,72 kasurekin, hurrenez hurren.

EAEko hiriburuak, Bilbo kenduta, laranjan oraingoz

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan. 

Bestalde, 106 ikasgela daude itxita asteazken honetan Euskadin covid-19aren kasuren bat dutelako, hots, ikasgela guztien % 0,60. Atzo baino 11 ikasgela gehiago dira.

Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera, gaurko 12:00ak arte bildutako datuak aztertuta, 97 ikastetxeri eragiten die birusak. Dena dela, ez dago aurrez aurreko eskola jarduera etenda duen ikastetxerik.

Nafarroako egoera

Foru erkidegoa eguneko 200 kasuko langatik jaitsi ezinda dago oraindik. 3.226 proba diagnostiko (PCR eta antigeno) egin dituzte astearte honetan, eta horietatik 200 positibo izan dira. Hortaz, positibotasun tasa % 6,2an kokatu da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak