Publizitatea
Itxi

2021/01/19

00:19

Gizartea

KORONABIRUSA

EAEko 32 udalerri itxi dituzte jada

A. S. | EITB MEDIA

Gipuzkoan 9 udalerri dira, Bizkaian 15 eta Araban 8. Herri horietan tabernak eta jatetxeak itxita egongo dira eta ez da eskola-kiroleko entrenamendurik izango.

1:32
Durango, gaur goizean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskal Autonomia Erkidegoko 32 udalerri itxi dituzte jada, 9 Gipuzkoan, 15 Bizkaian eta 8 Araban, COVID-19aren pandemiaren bilakaera dela eta.

Osasun Sailak jakitera eman duenez, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500ekoa edo handiagoa duten 5.000 biztanletik gorako udalerriak honakoak dira: Agurain, Zornotza, Andoain, Balmaseda, Beasain, Bermeo, Deba, Durango, Gernika-Lumo, Lekeitio, Markina-Xemein, Muskiz, Tolosa, Orio, Villabona eta Zumaia.

Bestalde, 5.000 biztanletik beherako udalerriei dagokienez, hauek daude gaur egun zerrenda horretan: Aizarnazabal, Ajangiz, Arratzua-Ubarrundia, Asparrena, Irura, Iurreta, Bastida, Laguardia, Lantziego, Mundaka, Otxandio, Donemiliaga, Sondika, Eskuernaga, Zamudio eta Ziortza-Bolibar. Horien egoera epidemiologikoak udalerria ixtea eskatzen du, Gotzone Sagarduik zuzentzen duen sailaren esanetan.

Herri horietan, herritarrak ezingo dira ondoko herrira joan, ezingo dute tabernarik eta jatetxerik ireki eta ez da eskola-kiroleko entrenamendurik egongo. Jarduera hori gainerako udalerrietan berreskuratu da, Eusko Jaurlaritzak hartutako azken neurrien artean jaso dutenez.

Osasun Sailak zerrenda bat argitaratuko du astelehenero eta ostegunero, murrizketa berezi horiek jasango dituzten "eremu gorriko" udalerriak zeintzuk diren zehazteko. Ebazpen horiek indarrean jarraituko dute, harik eta beste ebazpen batek azken aldaketak jasotzen dituenera arte. Osasun sailburuordeari horren kontrako errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena