Gizartea -

KORONABIRUSA

Bilbo itxita egongo da gaurtik aurrera beste 49 udalerrirekin batera

Gipuzkoan 13 udalerri dira, Bizkaian 26 eta Araban 11. Herri horietan tabernak eta jatetxeak itxita egongo dira eta ez da eskola-kiroleko entrenamendurik izango.

Bilbok ostiraletik aurrera itxi beharko ditu tabernak. Argazkia: Artxiboko irudia
Bilbok ostiraletik aurrera itxi beharko ditu tabernak, beste 50 udalerrirekin batera.
Bilbo perimetralki itxita esnatu da

0:40

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko 50 udalerri itxi dituzte jada, 13 Gipuzkoan, 26 Bizkaian eta 11 Araban, COVID-19aren pandemiaren bilakaera dela eta. Jaurlaritzak gaur argitu duenez, akats bat tarteko, Irura sartu zuten atzo itxi beharreko udalerrien zerrendan, baina berez ez dagokionez, ez ditu murrizketak ezarri beharko.

Osasun Sailak jakitera eman duenez, azken 14 egunetan Covid-19aren kasu positiboen 500eko intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko gainditu duten udalerriak honakoak dira: Gipuzkoan, Andoain, Azpeitia, Beasain, Orio, Pasaia, Tolosa, Villabona, Zumaia eta ZumarragaBizkaian, Abanto Zierbena, Balmaseda, Zornotza, Bermeo, Bilbo, Durango, Elorrio, Gernika-Lumo, Gueñes, Lekeitio, Markina-Xemein, Muskiz eta Trapagaran;  Araban, Agurain.

Bestalde, neurriak aplikatzeko beharra duen egoera epidemiologikoa bizi duten 5.000 biztanletik beherako udalerrien zerrenda ondorengo udalerriak daude: Gipuzkoan Ibarra, Aizarnazabal, Leaburu eta Zestoa; Bizkaian Artzentales, Ajangiz, Forua, Arbatzegi Gerrikaitz, Murueta, Muxika, Mundaka, Otxandio, Gizaburuaga, Lantaron, Iurreta, Sondika, Zamudio eta  Ziortza-Bolibar; Araban, Arratzua-Ubarrundia, Asparrena , Iruña Oka, Bastida, Laguardia, Lantziego, Legutio, Donemiliaga eta Eskuernaga. Horien egoera epidemiologikoak udalerria ixtea eskatzen du, Gotzone Sagarduik zuzentzen duen sailaren esanetan.

Herri horietan, herritarrak ezingo dira ondoko herrira joan, ezingo dute tabernarik eta jatetxerik ireki eta ez da eskola-kiroleko entrenamendurik egongo. Jarduera hori gainerako udalerrietan berreskuratu da, Eusko Jaurlaritzak hartutako azken neurrien artean jaso dutenez.

Jaurlaritzak ostiral honetan zehaztu duenez, bestalde, "datuen tratamenduan izandako akats batengatik, atzoko ebazpenean Irurako udalerria sartu zen udalerrien zerrendan, murrizketak aplikatzeko". Horrenbestez, Gipuzkoako herri horretan ez dituzte murrizketak aplikatuko. 

Osasun Sailak zerrenda bat argitaratuko du astelehenero eta ostegunero, murrizketa berezi horiek jasango dituzten "eremu gorriko" udalerriak zeintzuk diren zehazteko. Ebazpen horiek indarrean jarraituko dute, harik eta beste ebazpen batek azken aldaketak jasotzen dituenera arte. Osasun sailburuordeari horren kontrako errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Aburtok erantzukizuna eskatu du Bilbo eremu gorritik "lehenbailehen" ateratzeko

Juan Mari Aburto Bilboko alkatean ostegun honetan azpimarratu duenez, Bizkaiko hiriburuaren erronka nagusia orain eremu gorritik "lehenbailehen" ateratzea da. Horretarako herritar guztiei "erantzunkizunez" jokatzeko deia egin die.

Bilbo da itxiko duten EAEko lehendabiziko hiriburua. Gaur gauetik aurrera, hiriko sarrera-irteerak mugatuko dira hirian, beste 50 udalerrirekin gertatuko den moduan. Aburtuk esan du ez dakiela zenbait iraungo duen itxierak; izan ere, pandemiaren inguruan dagoen "ziurgabetasuna" handia da.

"Aste batzuk igarota, ahalik eta gutxien, egoerak hobera egingo duen esperantza dut, luzaroan iraungo duena, eta udarara eramango gaituena", esan du alkateak. "Herritar orok arduraz jokatzen badu soilik irtengo gara egoera honetatik", gaineratu du.

Alkatearen esanetan, udal gobernu taldea (EAJ-PSE) eta Udaleko gainerako talde politikoak 2021eko koronabirusaren krisiari aurre egiteko plan berri bat lantzen ari dira, 2020an garatutako Bilbao Aurrera Planaren inguruko neurri "kontinuistekin", sektorerik "kaltetuenei" laguntzeko, hala nola ostalaritzari, merkataritzari eta turismoari, baita pertsona "ahulenei" ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Ermua Eibar Eusko Jaurlaritza Azpeitia Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak argazkiak Arrasate Gizartea Eguneko albisteak Arrigorriaga Azkoitia Ordizia Albisteak Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak Iruña Oka Koronabirusa