Gizartea -
U30 Aldaketaldia ekimena
Manifestazioak Donostian eta Bilbon: "Klima aldaketaren aurkako txertorik ez dago"
Antolatzaileek salatu dutenez, agintari politikoek "larrialdi klimatikoa eta ekologikoa larriagotzen duen eredu ekonomiko eta sozial eutsiezin batean sakontzen" jarraitzen dute.
E. L. | EiTB Media
Larreko Mahaia plataforma ekologistak, U30 Aldaketaldia ekimena babesten duten elkarte sozial eta sindikatuekin batera, manifestazioa egin du Donostian eta Bilbon, "klima aldaketaren aurkako txertorik ez" dagoela ohartarazteko.
Gipuzkoako hiriburuan, mobilizazioa 17:00ak aldera abiatu da Gladys Eneatik. Bilboko protesta 30 minutu geroago hasi da Kale Nagusiko 85 zenbakian.
Era berean, goizean zehar elkarretaratze txikiak egin dituzte hainbat udalerritan, iazko otsailaren 6an Zaldibarko zabortegian gertatutako luizia gogoratuz. Bi langile desagertu ziren, eta horietako bat oraindik ez dute erreskatatu.
Antolatzaileek salatu dutenez, covid-19 pandemiaren ondorioz, agintari politikoek "larrialdi klimatikoa eta ekologikoa larriagotzen duen eredu ekonomiko eta sozial eutsiezin batean sakontzen" jarraitzen dute.
Modu horretan, " globalean pentsatzearen eta lokalean ekitearen" alde egin dute, "krisi globalak zuzenean baitago lotuta hemen egiten dugunarekin".
Era berean, "klima larrialdiaren aurrean indarrak batzearen" alde egin dute, "gure bizitzak erdigunean jarriko duen eredu bat" beharrezkoa delako.