Publizitatea
Itxi

2021/02/03

13:18

Gizartea

KONTSUMOBIDEREN KANPAINA

Aztertutako maskaren % 69k akatsen bat dute etiketan

A. S. | EITB MEDIA

Internet bidez saltzen diren guztiek omen dute okerren bat etiketan, baina Javier Hurtado sailburuaren esanetan, oker horiek ez dute eraginik pertsonen osasunean.

1:9
Etiketetan akatsak ugariak dira. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak establezimendu fisikoetan saltzen diren maskaren % 69k etiketan okerren bat dutela baieztatu du, eta Internet bidez saltzen direnen kasuan, berriz, % 100era iristen da kopuru hori.

Kontsumobidek produktu horien etiketetan legeak eskatzen duen informazio guztia ematen duten egiaztatzeko kanpaina jarri du abian. Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak eta Olga Santamaria Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendariak prentsaurrekoan azaldu dutenez, saltzen diren hiru maskaratik bi oker etiketatuta daudela ondorioztatu dute.

Kanpaina bigarren olatuan egin da (uztaila eta azaroa bitartean) eta FFP2 maskarak eta maskara higienikoak izan ditu ardatz, oihalezko babesak barne.

Denda fisikoen kasuan, 53 establezimendu aztertu dituzte; horietatik 40k maskara higienikoak saltzen zituzten eta 13k FFP2 motakoak. Horien artean, 37k maskaren etiketetan datu okerrak zituzten edo informazio falta zegoen; hau da, produktu guztien % 69n.

Akats arinen kasuan, Kontsumobidek zuzentzeko eskatu du, baina oker larrien kasuan, 10.914 maskara kendu ditu merkatutik: 2.429 FFP2 maskaren 4 ereduri dagozkienak eta 8.485 higienikoei dagozkienak, 9 eredutakoak.

Etiketatze-akats larrienen kasuan, adibidez, fabrikatzailearen datu zehatzak falta dira kasu batzuetan, edo nahastea eragin dezaketen datuak daude. Zenbait kasutan, gainera, ez dago garbiketari eta erabilera-kopuruari buruzko jarraibiderik.

Online edo Interneteko salmentaren kasuan, 25 jarduera egin dira; Kontsumo Ministerioak esleitutako produktu anitzeko plataforma bat eta EAEn kokatutako 9 enpresaren webguneak aztertu dira. Kasu guztietan atzeman dute irregulartasunen bat etiketetan.

Akatsek ez dute osasunean eraginik

Sailburuaren ustez, "kezkagarria" da online salgai dauden maskaren etiketetan akatsak atzeman izana.

Hala ere, onartu egin du ez-betetze horiek ez dutela eraginik pertsonen osasunean, ezta produktuaren baliozkotasunean ere, eta horietako asko konpon daitezkeela, nahiz eta "informazio argia eta egiazkoa izateko eskubidea urratzen duten".

Hala, Hurtadok iragarri du ostegun honetan Alberto Garzon Kontsumo ministroarekin bilduko dela bere ardurapeko gaien inguruan hitz egiteko, eta Kontsumobideren kanpainaren emaitzak azalduko dizkiola.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena