Gizartea -

KORONABIRUSA

30era jaitsi da neurriak gogortu beharko dituzten udalerrien zerrenda

Ebazpenean ageri diren udalerri horietan eskola-kirolik ez da izango eta joko eta apustuetarako lokalak ere itxita egongo dira. Gasteiz eta Donostia zerrendatik kanpo daude.

Neurriak zorroztuko dituzte udalerrien zerrenda. Irudia: EITB Media
Neurriak zorroztuko dituzte udalerrien zerrenda
Neurriak zorroztuko dituzte udalerrien zerrenda. Irudia: EITB Media

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zerrenda txikitu egin da, eta 30 herri dira Euskal Autonomia Erkidegoan eskola-kirolik gabe jarraituko dutenak. Udalerri horietan joko eta apustu-lokalak ere itxita egongo dira bihartik aurrera, gune gorrian dauden herrien zerrenda berriaren arabera. Zerrenda horretan asteak eman ostean, Gasteiz eta Donostia eremu gorritik irten dira.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak "eremu gorrian" dauden udalerrietan taberna eta jatetxeei ateak irekitzeko baimena eman arren, gainerako neurriek, hala nola joko eta apustuetarako establezimenduei eta lokalei eta kirolari dagozkienak, bere horretan jarraituko dute, eta orain arte bezala, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko kasu positiboen 500eko intzidentzia-tasa metatua gainditu duten udalerriak sartuko dira kontuan.

Osasun Sailak astelehen honetan neurri gogorrenen eraginpean dauden udalerrien zerrenda berria kaleratu du. Ostegunean 56 zeuden bertan, eta gaur, berriz, 30. Horietatik 21 5.000 biztanletik gorako udalerriak dira, ostegunean baino 14 gutxiago, eta 5.000 biztanle baino gutxiagoko herriak, berriz, 9, azken ebazpenean baino 12 gutxiago.

Hauek dira gune gorrian dauden 5.000 biztanletik gorako udalerriak:

Araban ez dago udalerririk zerrendan, Gasteiz eta Agurain eremu gorritik atera baitira.

Bizkaian 13 dira: Abadiño, Balmaseda, Basauri, Berango, Bermeo, Bilbao, Derio, Getxo, Gorliz, Güeñes, Leioa, Santurtzi eta Sopela.

Gipuzkoan 8 dira: Astigarraga, Bergara, Elgoibar, Irun, Lasarte-Oria, Legazpi, Lezo eta Oñati.

Bestalde, neurriak aplikatzeko beharra duen egoera epidemiologikoa duten 5.000 biztanletik beherako udalerrien zerrendan, ondorengo udalerriak daude: Alonsotegi, Aramaio, Lezama, Loiu, Mendaro, Plentzia, Sondika, Urduliz eta Zamudio.

Eusko Jaurlaritzak astelehenetan eta ostegunetan argitaratzen ditu osasun egoerarik larriena duten udalerrien zerrenda. Arestian esan bezala, hiri eta herri horietan taldean eta eskoletan kirola egitea galarazita egongo da eta apustu-etxeak itxita izango dira.

Urtarrilaren 25az geroztik, udalerri guztiak perimetralki itxita daude eta funtsezko eginkizunetarako soilik baimentzen dira joan-etorriak, hala nola ikasteko, lanerako edo pertsonak zaintzeko. Dena dela, gauerditik aukera dago udalerri mugakideetara joateko, jarduera sozioekonomikoetarako edo aire librean kirola egiteko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Ermua Eibar Eusko Jaurlaritza Azpeitia Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak argazkiak Arrasate Gizartea Eguneko albisteak Arrigorriaga Errenteria bideoak Azkoitia Ordizia Albisteak Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak Iruña Oka Koronabirusa Zer ezin daiteke egin Euskal Herrian?