Gizartea -

Koronabirusa

Bizkaiak malgutu egingo ditu erresidentzietako bisitak martxoaren 1etik aurrera

Covid-19aren aurkako txertoak eragindako immunizazioa ordurako eraginkorra izatea espero dute. Araban eta Gipuzkoan, berriz, ez dute datarik jarri.

Bisita erresidentzian. Argazkia: EiTB
Bisita erresidentzian. Argazkia: EiTB
Martxoaren lehenetik aurrera paseoak eta bisitak areagotuko dira Bizkaian

1:34

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak malgutu egingo ditu erresidentzietako erabiltzaileen irteerak eta bisitak martxoaren 1etik aurrera, ordurako covid-19aren aurkako txertoak eragindako immunizazioa eraginkorra izatea espero baitute.

Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatuak iragarri du Aldundia zirriborro bat prestatzen ari dela, datorren astean argitaratuko duena, pandemiaren ondorioz ezarritako "bisita murrizketak arintzeko".

Azpimarratu du malgutze hori, gainerako aldundiekin eta Jaurlaritzarekin aztertzen ari direna, prebentzio neurriak "aldatu gabe" egingo dutela, eta egoiliarrek hiru bisita eta bi irteera izango dituztela "gutxienez".

Era berean, azaldu du "zuhurtzia handiz" jokatu beharra dagoela malgutze horren aurrean, oraindik gutxi dakitelako txertoak zein eragin duen. Gainera, azken egunotan positibo eman du Enkarterriko erresidentzia batean txertoa jasotako langile batek, "agerraldirik eragin ez" duen arren.

Murillok eman du malgutze neurrien berri prentsaurreko batean. Prentsaurreko horretan, halaber, inkesta baten inguruan mintzatu da. Erresidentzietako egoiliarren 2.015 senideri egindako galdeketan 8,06ko nota eman diote zentro horien zerbitzuari.

Bizkaiko erresidentzietan pandemiak duen eraginaren inguruan, Gizarte Ekintzako diputatuak esan du kutsatzeen intzidentziak "behera" egin duela azken hilabetean, eta erabiltzaile eta langileen txertaketa "maila gorenera" iristen ari dela, otsailaren 10ean lehenengo dosia ematen amaitu baitzen.

Arabak eta Gipuzkoak ez dute datarik aurreratu

Arabako Aldundiak "egoerak ahalbidetzen duenean" malgutuko ditu erresidentzietako neurriak, eta, aukera hori aztertzen ari badira ere, erabakia "zuhurtziaren" ikuspuntutik hartuko omen dute.

"Erresidentzietako egoera nabarmen hobetu da, baina oraindik goiz da txertaketak zer ekarriko digun jakiteko. Horregatik, adi jarraitzen dugu, prebentziozko PCRak egingo ditugu eta osasun adituekin harreman estua izaten segituko dugu, bisita eta irteeren inguruko protokoloak zehazteko", azaldu du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Adinekoei buruzko albisteak