Gizartea -

KORONABIRUSA

Positiboak 563ra igo dira EAEn azken orduetan, baina ospitaleko presioa jaitsi da

Intzidentzia-tasa metatuak jaisten jarraitzen du, baina ugalketa-indizea bi hamarren igo da. Aurreko egunetan baino ospitaleratze gehiago izan dira eta Bilbo gune gorritik atera da.

Ospitaleko langileak beren babes-ekipoak jartzen. Argazkia: EFE.
Ospitaleko langileak beren babes-ekipoak jartzen.
Ospitaleko langileak beren babes-ekipoak jartzen. Argazkia: EFE.

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak 563 kasu positibo berri utzi ditu asteazken honetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bezperan baino 64 gehiago, eta positibo-tasak gora egin du, % 5era iritsi arte. Bestalde, ospitaleetan 413 gaixo daude, zortzi gutxiago, eta zainketa intentsiboetako unitatean, berriz, 153, zortzi gutxiago.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera emandako datuen arabera, joan den egunean 11.343 test diagnostiko egin zituzten, eta 81 positibo atzeman zituzten Araban, 341 Bizkaian eta 133 Gipuzkoan.

Astearteko datuekin alderatuta kasu berrien kopurua 499tik 563ra igo bada ere, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du Euskadin, eta 404,05ean dago (aurreko egunean baino 20 puntu gutxiago). Proba diagnostikoen positibo-tasa, aldiz, lau hamarren hazi da bi egun horietan,% 4,6tik % 5era.

Bilbo covidaren transmisio handiko gunetik atera da. Bizkaiko hiriburua izan da 14 egunean 100.000 biztanleko 500 kasutik jaitsi den azkena. Hilabete eman du gune kritiko horretan, urtarrilaren 18an 506 kasu izan zirenetik; ondorioz, egun batzuk geroago, ostalaritzak ateak itxi behar izan zituen.

Asteazken honetan 100.000 biztanleko 486,32 kasu zituenez, Gasteiz (400,6) eta Donostiarekin (314,1) egin du bat gure laranjan.

Oinarrizko-ugalketa kopurua, gaixo batek zenbat pertsona infektatu ditzakeen adierazten duena, apur bat igo da astearteko 0,79tik asteazkeneko 0,81era.

Halaber, joera positiboa mantendu da ospitaleetan; izan ere, 153 gaixo zituzten asteazkenean zainketa intentsiboetako unitateetan, asteartean baino sei gutxiago, otsaileko kopururik baxuena.

Guztira, 566 paziente zeuden ospitaleratuta EAEko ospitaleetan; horietatik, 413 gela arruntetan zeuden, aurreko egunean baino zortzi gutxiago. Asteazkenean 68 pertsona ospitaleratu zituzten, bezperan baino zazpi gehiago.

Eremu gorrian dauden euskal udalerriei dagokienez, behera egin dute: astelehenean 30 izatetik 20 izatera igaro dira ostegun honetan. Horietatik, 11k 5.000 biztanle baino gehiago dituzte, eta, Osasun Sailaren aurreko ebazpenarekin alderatuz, kopurua txikitu egin da, 21 baitzeuden orduantxe gune gorrian; bederatzik, aldiz, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzte, eta astelehenean jasotako kopuru berdinari eutsi zaio.

Araban ez dago 5.000 biztanletik gorako udalerririk eremu gorrian. Bizkaian, zortzi daude transmisio handiko gunean: Berango, Bermeo, Derio, Getxo, Gorliz, Gueñes, Santurtzi eta Sopela. Gipuzkoan, berriz, hiru: Bergara, Elgoibar eta Oñati.

5.000 biztanle baino gutxiago dituzten eta bihar eskola-kirolik izango ez duten Bizkaiko herriak Barrika, Lemoiz, Lezama, Loiu, Plentzia, Urduliz eta Zamudio dira; Araban, Lantaron, eta, Gipuzkoan, Mendaro.

Bizkaiko erresidentziatan kutsatzeak jaitsi dira, baina hildako bat izan da

Bizkaiko egoitzetan adineko pertsona bat hil da azken 48 orduetan koronabirusarekin. Kutsatze kopurua beheraka egiten ari da eta egun 25 egoiliar daude covid-19arekin, atzo baino hiru gutxiago.  

Pandemia joan den martxoan hasi zenetik, 565 adineko hil dira Bizkaiko egoitzetan.

Horrez gain, kutsatuta dauden langileek kopurua ere jaisten ari da eta une honetan 55 behargin dauden gaixorik, duela bi egun baino zazpi gutxiago. Halaber, 40 langile koarentenan daude, baina, oraingoz behintzat, ez dute positibo eman.

Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak esan du Bizkaiko sareko erabiltzaileen % 96k onartu dutela txertoa jartzea, eta, beraz, "ia guztiak daude immunizatuta".

Hala ere, azpimarratu duenez, "hilabete askotan prebentzio, babes, garbiketa, higiene eta sektorizazio neurri guztiei eta PCR probei eutsi beharko zaie, txertorik hartu ez dutenak babesteko", "birusak gure artean jarraituko baitu".

Testuinguru horretan, infekzioen murrizketa baieztatzen den bitartean, egungo bisiten eta familia-harremanen erregimena "birpentsatu" egingo dela esan du, "ongizate emozionala funtsezkoa baita osasuntsu egoteko".

Horrela, "bisita edo irteera bidez ia egunero kontaktua izan ahal izateko", martxoaren hasieran bisita- eta irteera-erregimen berri bat ezartzea aztertzen ari dira, "orduan lortuko baita, egoitza gehienetan, Pfizerren txertoak ematen duen % 95eko immunitatea".

Lau kasu soilik Gipuzkoako erresidentziatan

Gipuzkoako egoitzetan, berriz, lau adineko baino ez daude koronabirusak jota eta azken egunetan ez hildakorik izan.

Kasu positibo horiek Donostiako Bermingham (2), Tolosako Iurramendi eta Arrasateko San Juan de Dios egoitzetan daude.

Pandemiaren bigarren olatua abuztuan hasi zenetik, 154 adineko zendu dira Gipuzkoako egoitzetan, eta 672k gaixotasuna gainditzea lortu dute.

Foru Erkidegoko egoera

Nafarroan 78 kasu positibo berri atzeman zituzten atzo, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, 1.886 proba egin ostean (962 PCR proba eta 924 antigeno test). Positibo-tasa % 4,1ekoa izan zen.

Bestalde, Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, Estatuan 14.515 positibo gehiago antzeman dituzte, horietako 4.323 azken 24 orduetan. Asteazkenean, berriz, 4.691 kasu izan ziren.

Pandemia hasi zenetik 3.121.687 pertsona kutsatu dira koronabirusarekin Espainian.

Gauzak horrela, kutsatzeen kopurua astiro-astiro beheraka egiten ari dela azpimarratu dute. Azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatua 320 kasukoa da gaur, eta asteazkenean 349koa izan zen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak