Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Emazteari mehatxu egin eta etxean gotortu ondoren, hilda topatu dute gizona Gasteizen

Emakumeak salaketa jarri zuen atzo Ertzaintzaren aurrean, 19:00ak aldera. Gizona arma batekin gotortu zen eta bi orduko negoziazioen ostean, etxera sartu, eta hilda aurkitu zuen Ertzaintzak.

Bi orduz itxita eduki zuen inguru hori Ertzaintzak. Argazkia: EITB Media
Bi orduz itxita eduki zuen inguru hori Ertzaintzak. Argazkia: EITB Media
Bi orduz itxita eduki zuen inguru hori Ertzaintzak. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon bat hil da bart Gasteizen tiro baten ondorioz, antza denez, bere buruaz beste eginda, hainbat orduz etxean eskopeta batekin gotortuta egon ostean. Gizonaren bikotekideak mehatxuengatik salaketa jarri ostean gizonaren bila joan zen Ertzaintza eta une horretan gotortu zen.

Atzo, 19:00ak aldera, emakume batek salaketa bat aurkeztu zuen bikotekideak mehatxatu egin zuela esanez. Eskopeta bat eskutan, bideo bat baino gehiago bidali zizkion mugikorrera, mehatxu eginez.

Salaketa jaso ondoren, ertzainak Forondako Atea kaleko etxebizitzara joan ziren, 22:00ak baino minutu batzuk lehenago, azalpenak eskatzera. Gizonak uko egin zion eurekin hitz egiteari eta etxean gotortu zen, bakarrik, ustez bideoan agertzen zen armarekin.

Ertzaintzak zonaldea inguratu zuen eta 58-60 urteko gizonarekin negoziatzen hasi ziren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, eskopeta erabiltzeko mehatxua egin zuen behin eta berriz gizonak, eta hainbat tiro ere egin zituen etxe barruan

Azkenik, gauerdia baino lehentxeago, negoziatzaileek gizonarekin kontaktua galdu ondoren, Ertzaintzako esku-hartze unitateetako agenteak etxera sartu ziren eta hilda aurkitu zuten.

Gizonak suzko arma batek eragindako zauria zuen, eta, lehen zantzuen arabera, eskopetarekin bere buruari tiro egin zion.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Araba Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa