Gizartea -

Hezkuntza

San Nikolas Ikastolak naturan oinarritutako proiektu pedagogiko bat jarri du martxan

Lehen Hezkuntzako ikasleek ingurumena errespetatzen ikasten dute Getxoko Yauri baserrian, baita ekologiaz eta jasangarritasunaz gogoeta egiten ere.

Ikasleek bertatik bertara ikusten dute animaliak nola hazten diren. Argazkia: San Nikolas Ikastola.
Yauri baserria, Getxon.
Ikasleek bertatik bertara ikusten dute animaliak nola hazten diren. Argazkia: San Nikolas Ikastola.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Getxoko (Bizkaia) San Nikolas Ikastolak naturan eta landa eremuko bizitzan oinarritutako proiektu pedagogiko berritzaile bat abiatu du. Lehen Hezkuntzako ikasleek Yauri baserriko eta inguruko berezitasunak bizitzeko aukera izango dute, ikastolak eta etxaldearen arduradunak lortutako akordio bati esker.

Ikastolak azaldu duenez, ikasketa prozesua aniztasunez eta bizipen anitzez egon behar da osatuta, ikasleek emozioak sentitu eta errealitatea zentzumenen bidez hautemateko aukera izan dezaten.

Hortaz, ikasketa zentroak adierazi duenaren arabera, proiektuaren helburua da naturan eta landa-bizitzan oinarritutako ibilbide pedagogiko integral bat eraikitzea.

Ikasleek hainbat jarduera egiten dituzte: lurra prestatu eta goldatu, haziak erein eta abar.

Gainera, ereiten dituzten produktuen informazio zuzena jasotzen dute, horien onurak ikasi eta haurren artean elikadura osasuntsua sustatzeko.

Honela, ikasleek ekologia eta jasangarritasun nozioak eskuratzen dituzte, eta, bide batez, sasoiko elikagaiak zeintzuk diren identifikatzen ikasten dute. Bestalde, bertatik bertara ikusten dute animaliak nola jaio diren eta etxe abereak nola hazten diren.

Halaber, proiektuari esker, ikasgelan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ere izaten dute ikasleek.

Era berean, San Nikolas Ikastolako zuzendari pedagogikoa den Josu Elortegiren hitzetan, proiektuari esker bizkaiera sustatzen dute, eta Getxoko euskara ikasteko aukera dute bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Getxo Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Garapen Iraunkorrerako Helburuak Ingurumena Umeak Nekazaritza Animaliak Abeltzaintza