Gizartea -

2021

Bizkaiko museo eta aretoek 200 jarduera kultural baino gehiago aurkeztu dituzte

Herritarrei ondare historikoa hurbiltzeko helburuarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak birtualki edota aurrez aurre gozatzeko 200 jarduera baino gehiago biltzen dituen programa aurkeztu du.

Lorea Bilbao eta Asier Madarieta Ondare Aretoan programa aurkezten. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Lorea Bilbao eta Asier Madarieta Ondare Aretoan programa aurkezten.
Lorea Bilbao eta Asier Madarieta Ondare Aretoan programa aurkezten. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak 2021. urterako proiektu kultural berria sustatu du, herritarrei Bizkaiko ondarearen zati bat museo, areto eta intereseko enklabeen bidez helarazteko. Bigarren urtez jarraian, programak aurrez aurre edota online gozatu ahalko diren 200 jarduera kultural baino gehiago eskainiko ditu: erakusketak, tailerrak eta bisitaldi gidatuak, besteak beste.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak Bilboko Ondare Aretoan aurkeztu du proiektua, eta “eskaintza askotarikoa, erakargarria, dibertigarria eta publiko guztiei zuzendutakoa” izango dela ziurtatu du.

Ohiko programaz gain, aurten eskoletara zuzendutako 10 hezkuntza-ekimen baino gehiago sortu dituzte, osasun-egoera dela eta ikasle-taldeek museoetara joateko dauzkaten zailtasunengatik.

Bizkaiko museo sareak hainbat berritasun txertatu ditu programan, betiere kalitatearen, dibertsitatearen, irisgarritasunaren eta entretenimenduaren mesedetan. Hori guztia seguru eraman dute aurrera, osasun-agintariek ezarritako neurri eta gomendioak betez. Ondorioz, museo eta aretoek edukiera-limiteak jarri dituzte, eta, derrigorrez, aldez aurretik erreserbatu beharko da edozein jarduerarekin gozatu nahi izanez gero.

Bilboko Arkeologia Museoko “Erraldoien bizkar gainean. Euskal arkeologiaren historia” aldi baterako erakusketa, Bermeoko Arrantzaleen Museoko urrira arte ikusgai egongo den “Akurio – Elkano 1519–1522. ‘Bizkaitarrak’ lehen munduko biran” erakusketa eta Gernikako Euskal Herria Museoko “Hemingway & Euskal Herria” aldi baterako erakusketa izango dira programaren parte izango diren zenbait proposamen.

Jardueren katalogo osoa Bizkaiko Foru Aldundiaren webgune ofizialean dago eskuragarri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Gaurko albisteak Bizkaia Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Historia Museoak