Gizartea -

KORONABIRUSA

Apur bat jaitsi dira positibo berriak eta intzidentzia-tasa metatua Euskadin

EAEn 331 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan, positibo tasa % 3,5ekoa izan da eta ospitaleko presioan beherakada txiki bat erregistratu da. Oinarrizko birsorkuntza-tasa 0,88an dago gaur ere.

Anbulantzia bat Basurtuko Ospitalean sartzen. Argazkia: EFE.
Basurtuko Ospitalea
Konfinamendurik gabe ez dugu lortu intzidentzia 230 kasutik jaistea

1:22

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin covid-19aren 331 kasu positibo atzeman dituzte azken orduetan, aurreko egunean baino bederatzi gutxiago, eta intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, 233,30era iritsi arte.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren azken datuen arabera, 9.409 test diagnostiko egin dituzte asteazken honetan, aurreko egunean baino gehiago (8.213). Horrela, positibo tasa puntu erdi baino gehiago murriztu da, % 3,5era, duela bi hilabete eta erditik izan den ehunekorik txikienera; pandemiaren bilakaera neurtzen duten gainerako adierazleek egonkor edo beheranzko joeran jarraitzen dute.

Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian gora egin dute kasuek (216), eta Gipuzkoan eta Araban, berriz, behera, 93 eta 66 kasu atzeman baitira, hurrenez hurren. Euskaditik kanpo bizi diren pertsonen artean lau kasu zenbatu dituzte.

Bi asteko intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, eta 233,30ean dago; astearteko datuarekin alderatuz, hamar puntu (243,85) txikitu da. Beheranzko joera mantendu egin da lurralde guztietan, Bizkaia buru dela (259); ondoren Araba (246,21 kasu 100.000 biztanleko) eta Gipuzkoa (178,91) daude.

Presio asistentziala apur bat txikiagoa izan da azken orduetan. Nahiz eta azken egunean 45 gaixo ospitaleratu dituzten gela arruntetan (aurreko eguneko kopuru bera),  aurreko egunean baino bost gaixo gutxiago daude orotara Euskadiko ospitaleetako gela arruntetan, 262, hain zuzen.

Bestalde, zainketa intentsiboetako unitatean dauden gaixoak 124ra jaitsi dira; asteartean baino bi gutxiago. Guztira, 386 pertsona daude EAEko ospitaleetan, asteartean baino zazpi gutxiago.

Oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, 0,88koa da, aurreko egunean bezala. Indize horrek behera egin du Araban (1etik 0,90era) eta Gipuzkoan (0,93tik 0,91ra), eta gora Bizkaian (0,83tik 0,87ra).

500 kasutik gorako intzidentzia metatua duten udalerriei dagokienez, Bizkaian Derio bakarrik dago egoera horretan, Santurtzi eremu gorritik atera ondoren.

Gipuzkoan, Oñatik 500 kasutik gora jarraitzen du, eta Aretxabaletak 522,6ra igo du intzidentzia.

Eskoletako egoera

80 ikasgela itxi dituzte ostegun honetan Euskadin, covid-19aren kasuren bat atzeman ostean; hau da, asteazkenean baino sei gutxiago eta ikasturte honetan dauden ikasgelen % 0,46.

Hezkuntza Sailaren datuen arabera, 51 ikastetxek dute klaseren bat itxita, joan den asteazkenean baino bat gehiago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak