Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadik 323 positibo berri atzeman eta 118 gaixo larri zenbatu ditu azken orduetan

Intzidentziak jaisten jarraitzen du eta 225ean dago, baina birsorkuntza-tasa 0,89ra igo da. Positibotasuna igo egin da proba diagnostiko gutxiago egin ondoren.

Osakidetzako langileak. Argazkia: EFE.
Osakidetzako langileak
Osakidetzako langileak. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin covid-19aren 331 kasu positibo atzeman dituzte azken orduetan, aurreko egunean baino zortzi gutxiago, eta proba diagnostiko gutxiago egin dituztenez positibotasun tasak gora egin du. hala ere, intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du poliki-poliki.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren azken datuen arabera, ostegun honetan 7.164 test diagnostiko egin dituzte, aurreko egunean baino gutxiago (9.409). Horrela, positibo tasa puntu bat igo da, % 4,5era.

Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian behera egin dute kasuek (163), eta Gipuzkoan eta Araban, berriz, gora, 88 eta 67 kasu atzeman baitira, hurrenez hurren. Euskaditik kanpo bizi diren pertsonen artean bost kasu zenbatu dituzte.

Bi asteko intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, eta 225,03an dago; asteazkeneko datuarekin alderatuz, zortzi puntu (233,30) txikitu da. Beheranzko joera mantendu egin da lurralde guztietan, Bizkaia buru dela (248,55); ondoren Araba (246,21 kasu 100.000 biztanleko) eta Gipuzkoa (170,45) daude.

Presio asistentziala apur bat txikiagoa izan da berriro azken orduetan. Nahiz eta azken egunean 56 gaixo ospitaleratu dituzten gela arruntetan (aurreko egunean baino 11 gehiago), aurreko egunean baino bi gaixo gutxiago daude orotara Euskadiko ospitaleetako gela arruntetan, 260, hain zuzen.

Bestalde, zainketa intentsiboetako unitatean dauden gaixoak 118ra jaitsi dira; asteazkenean baino sei gutxiago. Guztira, 378 pertsona daude EAEko ospitaleetan, zortzi gutxiago.

Oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, igo egin da 0,88tik 0,89ra. Indize horrek gora egin du Araban (0,90tik 0,92raera) eta Gipuzkoan (0,91etik 0,93ra), eta mantendu egin da Bizkaian (0,87).

Hiru hiriburuetako pandemiaren bilakaerak lurraldeetako joera berari jarraitzen dio; izan ere, Gasteizen geldialdia egon da (272,8 kasu). Bilbok eta Donostiak beheranzko joerari eutsi diote, 266 eta 91,5 kasu izan baitituzte, hurrenez hurren, 100.000 biztanleko.

5.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez, Derio, Aretxabaleta eta Oñatik 500 kasuen gainetik mantentzen dira, aurreko eguneko berberak.

Bestalde, Arabako adinekoentzako egoitzetako hiru erabiltzaile baino ez daude gaur egun covid-19arekin kutsatuta. Arabako Foru Aldundiak ostiral honetan jakitera eman duenez, kutsatutako hirurak Arabako herri horretan dagoen Yecora egoitzan daude. Gasteizko Roure egoitzan ez da koronabirus kasurik izan, birusa zuen pertsona berreskuratu ostean.

Azken egunotan ez da covidaren ondoriozko agerraldirik edo heriotzarik izan Arabako egoitzetan.

56 ikastetxetan 91 ikasgela itxita daude ostiral honetan covid-19 koronabirusaren eraginez, bezperan baino 11 gehiago, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi dituen datuen arabera.

Ikasturte honetan 17.554 ikasgela daude guztira Euskadiko hezkuntza sisteman, bi urtetik unibertsitatez kanpoko derrigorrezko hezkuntza ondoko mailetaraino, eta horrela, ostiral honetan itxitako ikasgelen kopurua guztien %0,52 da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak