Gizartea -
KORONABIRUSA
Covid-19aren intzidentzia-tasa metatua abuztuko mailara jaitsi da Euskadin
Intzidentzia 208 kasukoa da eta birsorkuntza-tasa 0,91ekoa. 214 kutsatze berri atzeman dituzte azken orduetan eta positibotasuna % 4,2koa da. Zainketa intentsiboetako unitateetan 118 gaixo daude.
N. B. | EITB MEDIA
Euskadin covid-19aren 214 kasu positibo atzeman dituzte azken orduetan, bezperan baino 33 gutxiago, eta positibotasun tasa % 4,2koa (hamarren bat gutxiago) izan da. Intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, eta 100.000 biztanleko 208,7 kasukoa da, baliorik baxuena abuztuaren 13tik.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, 5.125 test diagnostiko egin dituzte igande honetan, aurreko egunetan baino gutxiago (5.760 eta 7.102). Horrela, positibotasun tasa ez aurrera ez atzera dago, eta batez beste % 4 eta % 5 artekoa da otsailaren 15etik.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, jaitsi egin dira kasuak Bizkaian (116), Gipuzkoan (64) eta Araban (32). EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean bi kasu zenbatu dituzte.
Bi asteko intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du (208,7). Adierazle horrek behera egin du apurka-apurka ostiraletik, 216,85 kasu baitziren orduan.Gipuzkoa dago egoerarik onenean, 167,39ko intzidentziarekin (aurreko egunean baino hiru gutxiago); Bizkaia dago ondoren, 223,49 kasurekin (lau gutxiago); eta Arabak du daturik txarrena, 234,09 kasurekin (lau gutxiago).
Oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, 0,90etik gora dago oraindik, 0,91n baitago. Indize hori bere horretan mantendu da Araban (0,90) eta jaitsi egin da Gipuzkoan (0,93) eta Bizkaian (0,87), apur bat igo ondoren.
Asistentzia-presioa mantendu egin da azken orduetan, nahiz eta azken egunean ospitaleratze gutxiago izan diren, neurri handi batean igandea izateagatik, 24 ospitaleratze izan baitira, baina 262 pertsona daude ospitaleratuta Euskadiko ospitaleetako gela arruntetan.
Bestalde, zainketa intentsiboetako unitateetan dauden pazienteek gora eta behera egiten dute pixka bat, eta azken orduetan 118 dira berriro.
Pandemiaren bilakaerak EAEko hiru hiriburuetan lurraldeen joera bera jarraitzen du: Donostian 86,6 kasu metatura jaitsi da, Bilbon 238,9ra eta Gasteizen 261,6ra.
5.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez, Derio atera da eta Lazkao sartu da eremu gorrian dauden herrien zerrendan. Aretxabaleta eta Oñati ere, gune gorrian daude.Bestalde, Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez, astelehenean 53 ikastetxetan 86 ikasgela dituzte itxita, covid-19aren ondorioz, ostiralean baino bost gutxiago.
Ikasturte honetan, 17.554 ikasgela daude guztira Euskadiko hezkuntza sisteman, bi urtetik unibertsitatez kanpoko derrigorrezko hezkuntza ondoko mailetaraino, eta horrela, ostiralean ikasgela guztien % 0,49 zeuden itxita.