Gizartea -

KORONABIRUSA

AstraZenecaren txertoa 65 urtera artekoei zabaltzea proposatu du Osasun Ministerioak

Lurralde arteko Osasun Batzordeak gaur arratsaldeko bileran erabakiko du ministerioaren proposamen hori onartzen duen ala ez.

AstraZeneca txertoaren dosiak. Artxiboko argazkia: EFE
AstraZeneca txertoaren dosiak
AstraZeneca txertoaren dosiak. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astra Zenecaren txertoa 65 urtera artekoei zabaltzea proposatu die Osasun Ministerioak autonomia erkidegoei. Osasun Publikoko Batzordearen bileran egindako proposamena onartu ala ez erabaki beharko du gaur arrasaldean Gobernua eta erkidegoetako osasun arloko arduradunak biltzen dituen Espainiako Lurralde arteko Osasun Batzordeak.

Eusko Jaurlaritzak aurreratu du txertaketa 65 urtera arte zabaltzea babesten duela. Halaber, orain arte aurreikusitako kolektiboetako langile guztiei jarri ostean, AstraZenecaren txertoa adin-tarteen arabera gainerako herritarrei ematen hastean proposatuko dute Osasun Saileko arduradunek arratsaldeko batzarrean.

AstraZenecaren txertaketa eten aurretik, orain arte, 55 urtetik beherako funtsezko sektoreei jartzen ari ziren aipaturiko txertoa, suhiltzaileak, segurtasun indarrak eta irakasleak, besteak beste.

Asteazkenean ekingo diote berriro AstraZenecaren txertoa jartzeari Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Ipar Euskal Herrian, ostera, ostiralean ekin zioten AstraZenecarekin txertaketari.

Bestalde, datorren hilabetean txertaketa bizkortzea espero du Espainiako Gobernuak. Apirila erdialderako Janssen etxearen txertoak jasotzea eta horri esker uda amaierarako hamar herritarretatik zazpi txertatuta egongo direla aurreikusi du.

Janssen etxearen 330.000 dosi inguru helduko dira bigarren hiruhilekoan Hego Euskal Herrira: 250.000 Euskal Autonomia Erkidegora eta 80.000, Nafarroara. Hala ere, kopuru handiena ekainerako espero dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba EAE Gaixotasunak albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Osasun albisteak Txertoak albisteak Koronabirusa olatu berria