Gizartea -

Klima aldaketa

Euskal Herrian urteko 0,9-1,9 graduko igoera izan da azken bost hamarkadatan

Tenperatura igoera nabarmenenak Nafarroa hegoaldean izan dira, eta txikienak, berriz, Iparraldean. Mapa interaktibo batek Europa osoko datuak erakusten ditu, ia udalerri bakoitzerako kalkulatuta.

Gorrien dauden guneetan igo da gehien tenperatura. EDJNeteko mapa interaktibotik hartutako irudia
EDJNeteko mapa interaktiboa
Gorrien dauden guneetan igo da gehien tenperatura. EDJNeteko mapa interaktibotik hartutako irudia

Elhuyar

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken 50 urteetan, urteko batez besteko tenperatura 0,9 eta 1,9 ºC bitartean igo da Euskal Herriko udalerrietan. Datu Kazetaritzaren Europako Sareak (EDJNet) eman ditu datu horiek, haien webgunean argitaratutako mapa interaktibo baten bidez.

Mapa hori OBC Transeuropa behatoki klimatikoak garatu du, eta 1960ko eta 2010eko hamarkaden arteko tenperatura-igoeraren estimazioa erakusten du, 5x5 km-ko azaleretan, gutxi gorabehera. Bestela esan, udalerri-mailako datuak izatearen parekoa da. "Sarbide libreko datu-multzo bati esker osatu dugu mapa, Copernicus datu zientifikoen plataformaren bidez", azaldu du Ornaldo Gjergjik, EDJNeteko politiken eta datuen analistak. "Hainbat ingurumen-aldagairen datu historikoak aztertzean datza. Tenperatura da horietako bat, adibidez, eta erabili egin dugu. Gainera, prezipitazioa eta beste ingurumen-aldagai batzuk ditugu", gaineratu du.

Beraz, maparen datuak ez dira zuzeneko neurketak. Onintze Salazar Euskalmeteko meteorologoak argitu duenez, "duela 50 urte datu gutxiago genituen, baina ikerketa honek erabiltzen dituen datuak izatez ez dira neurketetatik hartutakoak, baizik eta eredu meteorologikoetakoak (iragarpenak egiteko erabiltzen ditugun berberak). Beraz, estimazio bat dira, baina gaur egun izan dezakegun estimaziorik onenak dira, eta nolabait ematen digu ideia zenbat ari den aldatzen tenperatura eta horrek zer nolako ondorioak ekar litzakeen". 

Hazkunde txikia Euskal Herrian

Euskal Herrian, balio bakar batek gainditzen du 1,9 ºC-ko igoera. Izan ere, datu gehienak 1,5 °C-tik behera daude. Balio horretatik pixka bat gorago daude Bizkaiko gehienak, Gipuzkoako ekialdeko erdikoak, Iruñerrikoak eta Pirinioetako eskualde batzuetakoak. Kasu berezia Nafarroako Sada udalerria da, 2,9 ºC igo dela kalkulatzen baita. Espainiako Estatuan, igoera txikiena izan duen laugarren autonomia erkidegoa da Euskadi (batez beste, 1,35 ºC). Nafarroan 1,55 ºC-koa da zenbatespena. Akitanian, Iparraldea barne duena, tenperaturaren igoera erregistratua 1,31 ºC-koa baino ez da izan.

Sada herriko (Nafarroa) tenperatura igoera

Sadan 2,9 ºC-ko igoera izan da. EDJNeteko mapa interaktibotik hartutako irudia.

Tenperatura 1,5 ºC inguru igo izanak ez dirudi oso datu handia, baina Salazar zuhurra da: "Bada larria. Izan ere, ez gaude hitz egiten bertako tenperatura bati buruz, baizik eta planeta osoko batez besteko tenperatura bati buruz, gainera urte oso batean. Ez da datu zehatz bat, ez da neurtutako tenperatura bat. Datu estatistiko bat da, ordea, baina horrek ematen digu ideia Lurrak daukan balantze radiatiboari buruz, hau da, zenbat energia xurgatzen duen eta zenbat askatzen duen. Hor oreka bat dago, balantze bat. Eta tenperatura aldatzean egiten duguna da, nolabait, oreka hori apurtu. Beraz, hemendik aurrera, tenperaturaren aldaketa horrekin, berotze horrekin, balantze hori aldatzen dugu eta horrek ondorio handiak dakartza. Ez bakarrik eguneroko eguraldian, baizik eta patroi klimatikoak aldatzen dituelako". 

Europan, datuek erakusten dute hirigune handietan eta biztanle gutxi dituzten iparraldeko eremuetan igo dela gehien tenperatura. Adibide deigarrienetako bat Budapest eta bere ingurua da, non 4 ºC-ko igoera baita, eta toki batzuetan altuagoa ere bada. Varsovia, Frankfurt, Liverpool edo Erromako zenbatespenak ere 3,5 °C-tik gorakoak dira. Hirietatik urrun, Eskandinaviako eremuetan eta Baltikoko herrialdeetan ere igoera deigarria da. Adibidez, Folldal herriak, Trondheim hiritik 100 km hegoaldera dagoen Norvegiako herri txiki batek, 5,1 ºC-ko igoera izan du. Rigan (Letonia) eta inguruetan, 4 ºC inguruko hazkundea izan da, eta antzeko zenbakiak dituzte Turku hiritik ipar-ekialdera dauden eskualdeek ere, Finlandian.

"Oso maila orokorrean, ikusten da tenperatura-aldaketarik handienak eremu menditsuetan edo iparraldeko herrialdeetan izan direla", azaldu du Gjergjik. "Italian, Alpeetan edo, adibidez, Norvegian mendietan eta horrelako lekuetan. Uste dut hori normala dela, oso tenperatura baxutik abiatzen baitziren leku hotzetan", erantsi du.

Datuen-multzo oso handi bat komunikatzeko modu grafiko bat da mapa. Gjergjirentzat hori garrantzitsua da: "Uste dut oso zaila dela kazetariek fenomeno globalak azaltzea eguneroko bizitzan horrelako gauzak pentsatzeko astirik ez duten pertsonei. Baina datuak beste era batera erakuts ditzakezu, eta ikusi nola eragiten dion zure bizilagunari, zure hiriari, jaio, bizi edo hazi zaren lekuari. Uste dut horrek mezu indartsuagoa bidaltzen duela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa 2024 Gaurko albisteak Nafarroan Iparraldea albisteak Alerta meteorologikoak argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Europa bideoak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Bero-boladak albisteak Larrialdi klimatikoa 2024