Publizitatea
Itxi

2021/03/29

10:16

Gizartea

Klima aldaketa

Sada, Galdames eta Donibane Garazi, tenperatura gehien igo den herrien buru

E. G. | EITB MEDIA

Azken 50 urteetan, herriz herri tenperatura zenbat igo den jasotzen du Datuen Kazetaritzarako Europako Sareak egindako mapak.

  • EDJNeten maparen kaptura bat.

    Azken 50 urteetan tenperatura gehien igo den udalerria da Sada. EDJNeten maparen kaptura bat.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Aspalditik asko dira Lurraren berotzeaz ohartarazten duten ikerketa eta datuak. Datuen Kazetaritzarako Europako Sareak (EDJNet) egindako mapa interaktibo bat harago joan da, eta Europa osoko datuak eman ditu, herriz herri azken 50 urteetan izandako tenperatura igoera jasota. Euskal Herriko datuak aztertuta, Erriberako udalerrietan igo da gehien termometroa (2 °C inguru) baina zerrendan goialdean Galdames (1,8 ºC) eta Donibane Garazi (igoera bera) ere ageri dira.

Beste muturrean daude Lapurdiko bi herri, Biarritz eta Getaria, batez beste 0,9 ºC-ko igoera izan baitute. Dena dela, bi kasuak salbuespenak dira Euskal Herrian, udalerri gehienek 1 ºC eta 1,5 °C arteko igoerak izan baitituzte.

Berotze handiena Zaren (Nafarroa) neurtu dute. Zangozako merindadeko udalerri horretan, 2,9 ºC igo da tenperatura 1971tik. Zazpi hamarren beherago (2,2 ºC) dago Ribaforadako datua, Tuterako merindadean (Nafarroa hegoaldea) eta 2 ºC igo da Erriberako 14 herritan; Tuteran, Castejonen, Valtierran eta Milagron, besteak beste.

Enkarterrin (Bizkaia) topatuko dugu beste igoera nabarmen bat, Galdames udalerrian 1,8 ºC-ko igoera izan baitute. Datu bera izan dute Iparraldeko hainbat herritan, hala nola Donibane Garazi hiriburuan eta Irisarri, Iholdi edo Lakarra herri txikietan.

Hamarren bat beherago, 1,7 ºC-rekin, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri batzuk ageri dira: Getxo, Tolosa, Irun, Ortuella eta Andoain, tartean.

Hiriburuei dagokienez, berotze handiena Donibane Garazin atzeman dute (1,8 ºC), Maule (1,7 ºC) eta Donostia eta Bilbo (1,6 ºC) gertu izan arren. 1,1 eta 1,5 °C artean igo da tenperatura besteetan: 1,1 ºC igo da tenperatura Baionan, 1,5 ºC Iruñean eta 1,3 ºC, berriz, Gasteizen.

Datuok modeloetan daude oinarrituta (beraz, ez dira errealak, estimazioak baizik), baina ondo agerian uzten dute nola ari diren aldatzen gure herri eta hirien patroi klimatikoak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena