Gizartea -

2021eko Itzulia

Itzuliak hainbat gorabehera eragingo ditu ostiral honetan Donostiako trafikoan

Bosgarren etapa Hondarribian hasiko da, eta Gipuzkoako hiriburua zeharkatuko du, Ondarroarako noranzkoan. Hala, 13:30etik aurrera eta tropelak hiria zeharkatu arte hainbat kale itxiko dira.

2017ko Euskal Herriko Itzulia, Donostian. Artxiboko argazkia: EFE
2017ko Euskal Herriko Itzulia, Donostian.
2017ko Euskal Herriko Itzulia, Donostian. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2021eko Euskal Herriko Itzuliak hainbat gorabehera eragingo ditu ostiral honetan, apirilaren 9an, Donostiako trafikoan. Hori dela eta, Donostiako Udalak baliabide guztiak prest ditu jada hiria zeharkatuko duen etaparako. Hala, Udalak garraio publikoa erabiltzea gomendatu die herritarrei.

Hain zuzen ere, bosgarren etapa Hondarribian hasiko da, eta Gipuzkoako hiriburua zeharkatuko du, Ondarroarako noranzkoan. Ezinbestekoa izan da, beraz, hainbat trafiko-neurri hartzea, batez ere hiriguneari eragingo diotenak.

Lasterketa hiritik 13:45etik 14:10era igarotzea aurreikusten da. Hortaz, 13:30etik aurrera eta tropelak hiria zeharkatu arte, 14:30ak aldera, hiriko hainbat kale itxita egongo dira ibilgailuentzat. Ordutegi horrek aldaketa txiki bat izan dezake lasterketaren erritmoaren arabera: Lasterketa Buenavistatik iritsiko da, eta erdigunea eta Kontxa pasealekua igaro ondoren, Antiguarantz joango da. Etapa honek Ondarroan izango du amaiera.

Hiriaren barruan, ibilbidea honako hau izango da: Buenavista hiribidea, Jose Elosegi Alkatearen hiribidea, Ategorrieta hiribidea, Nafarroa hiribidea, Zurriola hiribidea, Zurriola zubia, Erregina Erregeordea kalea, Boulevard zumardia, Hernani kalea, Askatasunaren hiribidea, Easo, Zubieta, Kontxa pasealekua, Zumalakarregi hiribidea, Tolosa hiribidea, Europa plaza, Tolosa hiribidea, Ibaetako plaza, Tolosa hiribidea, Añorga hiribidea eta Errekalde hiribidea.

Lasterketak irauten duen bitartean, ezingo da goian aipatutako ibilbidea zeharkatu. Hiriak normaltasuna berreskuratuko du 14:30ak aldera.

Kaleak itxita dauden bitartean, hau da, 13:00etatik 14:30era, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da. Dena den, norbaitek autoa erabiltzeko beharra baldin badu erdigunetik-Grosetik hirira sartu edo ateratzeko, Amaratik egin beharko du, GI-41etik, hain zuzen ere.

Altza-Intxaurrondotik, GI-20a erabili beharko da, eta Antiguatik, GI-20a. Antigua eta Amara arteko lotura Lugaritz-Izostegi bidetik egingo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Donostiako Udala Kirolak Txirrindularitza Euskal Herriko Itzulia Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Garraio publikoa