Gizartea -

Koronabirusa

70 eta 79 urte bitarteko pertsonak txertatzen hasiko da Osakidetza

Arrisku handiko kolektiboak ere txertatzen hasiko dira. Bestalde, Osakidetzak, asteburu honetan bertan, 80 urtetik gorakoen txertaketa amaitzea aurreikusten du.

Txertaketa. Argazkia: EFE
Txertaketa. Argazkia: EFE
Illunben hasi dira 80 urtetik beherakoak txertatzen

1:20

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak beste bi kolektiboren txertaketa hasiko du: arrisku handiko taldeak eta 70 eta 79 urte bitarteko pertsonak, Eusko Jaurlaritzak ohar batean jakitera eman duenez.

Horrela, larunbata eta igandea bitartean, peritoneo-dialisian dauden edo transplantea izan duten pertsona guztiei emango zaie txertoa, adina gorabehera. Hemodialisian dauden pertsonei Osakidetzako hemodialisi-unitatean jarriko zaie txertoa, datorren astetik aurrera.

Lehentasuna 80 urtetik gorakoen txertaketarekin amaitzea izango da, baina, erabilgarri geratzen diren txertoen arabera, asteburu honetan 70 eta 79 urte bitartekoei ere hasiko zaie hitzordua ematen, eta nagusienekin hasiko da (1942an eta 1943an jaiotakoak).

Hitzordua honela emango zaie: Osakidetzak SMSa bidaliko die eta, hartan, web bidezko hitzorduaren zerbitzura sartzeko esteka izango dute.OTI txartelaren zenbakia, lehen abizena eta jaiotza-data sartu beharko dituzte, eta txertoa jartzeko egun eta orduak eskainiko zaizkie, zuzenean.

Baliteke SMSa beste partikular baten telefonora iristea, hori delako Osakidetzarekin beste kontu batzuetan erabiltzen duten ohiko kontaktua. Errakuntzarik egon ez dadin, testu-mezuan mezuaren hartzaile den pertsonaren jaiotza-data eta generoa zehaztuko dira.

Baliteke pertsona batzuekin telefonoz harremanetan jartzea, agendetan hutsuneak bete behar badira.

Web bidezko hitzordua zabalik egongo da, betiere txertoak badaude erabilgarri. Txertoak agortzen direnean, mesedez, ez deitu osasun-zentrora edo Osasun Kontseilura; komunikazio-lineek osasunarekin zerikusia duten beste behar batzuetarako egon behar dute erabilgarri. Osakidetzak behar bezala jakinaraziko du noiz jarriko den txertaketa berriro martxan, dosiak erabilgarri dauden unean.

80 urtetik gorakoen txertaketa

Bestalde, Osakidetzak, asteburu honetan bertan, 80 urtetik gorakoen txertaketarekin amaitzea aurreikusten du. Asteon Pfizer-en 70.000 dosi baino gehiago heldu izanak aukera eman du hitzorduen prozesua bizkortzeko eta, hala, oraindik lehen dosia hartu ez duten kolektibo horretako pertsonek gaur, bihar eta igandea bitartean hartuko dute txertoa, hurbilen duten txertaketa-puntuan.

Txertoa etxean hartu behar duten 80 urtetik gorako pertsona batzuk baino ez dira geratuko dosia hartzeko; kasu horietan, txertaketa datorren astean amaituko da. 80 urtetik gorako gainerakoek txertoa igandea baino lehen hartuko dute.

Osakidetza telefonoz ari da haiekin banan-banan harremanetan jartzen, hitzordua emateko. Asteburu hau igaro eta Osakidetzak kolektibo horretako pertsonaren batekin harremanetan jartzea lortu ez badu eta pertsona horrek txertoa jarri nahi badu, astelehenetik aurrera dagokion osasun-zentrora deitu ahalko du, eta txertaketaren 1. aukera sakatu; hitzordua emango diote bertan.

131.000 pertsona baino gehiagok bi dosiak jaso dituzte Euskadin

Guztira, oraingoz 488.830 txerto jarri dituzte Euskadin, horietatik 131.406 bigarren dosiak izan dira, beraz, immunizaturik dauden pertsonak.

Osasun Sailak ostiral honetan jakitera eman duenez, dagoeneko Pfizer/Biontech txertoaren 319.474 eman dituzte (126.156 bigarren dosi), Modernako 21.156 (5.250 bigarren dosi) eta AstraZenecako 148.200.

Zentro soziosanitarioetako profesional guztiek bi dosiak hartu dituzte dagoeneko, Osakidetzako langileen % 93,3, eta osasun zentro pribatuetako eta osasun garraioko % 54,2. Lehen dosia jaso du kolektiboaren % 88,2k.

55 urtez azpiko ertzainen % 100ek txertoaren lehen dosia jaso dute, baita zerbitzu soziosanitarioetako 55 urtez azpiko profesional eta erabiltzaileen % 100ak ere. Adin tarte bereko Hezkuntzako profesional guztiek lehen dosia hartu dute jadanik.

Adinekoen artean, 100 urtez gorako eta 90-99 adin tarteko pertsona guztiek lehen dosia jaso dute, baita 80-89 adin tarteko pertsonen % 76,8k ere.

Bigarren dosia hartu duten pertsonak % 92,9 dira 100 urtez gorakoen artean, eta % 91,4 90-99 adin tartean; 80-89 adin tartean, ostera, % 28,4.

Ostiral honetara arte 587.200 txerto jaso ditu Euskadik, horietatik 386.100 Pfizerrekoak, 52.900 Modernakoak eta 148.200 AstraZenecakoak. Bigarren dosia emateko Pfizerren 31.908 dosi gorde dituzte, eta Modernako 23.723. Apirilaren 7tik 13ra Pfizerren 57.146 txerto eta Modernako 10.388 jartzeko asmoa dute txertaketaren arduradunek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak