Itxi

2021/04/10

17:25

Gizartea

13. edizioa

Gastu militarraren eta arma industriaren aurkako bizikleta martxa egin dute Bizkaian

EiTB Media | Agentziak

Bilbotik abiatu dira, eta "bi enpresa material militar ekoizle garrantzitsuenen aurrean: ITP Aero, Barakaldon, eta SENER, Getxon", elkarretaratzea egin dute txirrindulariek.

  • Gerra, Gastu eta Industria Militarraren aurkako Bizikleta Martxa. Argazkia: EFE

    Gerra, Gastu eta Industria Militarraren aurkako Bizikleta Martxa. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Bizkaiko kolektibo antimilitaristek, ekologistek eta internazionalistek deituta, 50 bat txirrindularik bizikleta martxan parte hartu dute larunbat honetan, gastu militarraren eta euskal enpresek arma industrian duten parte-hartzearen kontra protesta egiteko. Martxak 13. edizioa du.

"Gerra, Gastu eta Industria Militarraren aurkako Bizikleta Martxan", "euskal arma enpresen ekoizpena zibil bihurtzea", eskatu dute deitzaileek. Salatu dutenez, erakundeen inbertsioak industria militarrean gora egin du, "herritarren larrialdi egoerak bazterrean utzita".

Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregitik abiatu dira, eta Bilbo Handiko "bi enpresa material militar ekoizle garrantzitsuenen aurrean: ITP Aero (Precicast PCB), Barakaldon, eta SENER, Getxon", elkarretaratzea egin dute txirrindulariek.

Antolatzaileen hitzetan, Euskadi "gehien fakturatzen" duen hirugarren erkidegoa da, "Madrilen eta Andaluziaren atzetik"; izan ere, "ehun bat" enpresek industria militarrerako ekoizten dute, 600 milioi euro urtean.

Gainera, "erakundeen babesa areagotu dute arma ekoizleek, eta militarismora baliabide gehiago bideratzen dira, osasun, pentsio, berdintasun politika, diru-laguntza sozial edo etxebizitza duinean murrizketak nagusi diren bitartean", kritikatu dute ohar batean.

Eusko Jaurlaritzak "industria militarra ia 100 milioi eurorekin laguntzen du, sektore aeronautikoa batez ere", ziurtatu dutenez.

Askapena, Eguzki, Ekologistak Martxan, Kakitzat, Kem-Moc, Komite Internazionalistak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak kolektiboek antolatu dute martxa.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;