Gizartea -
Kutsadura
Espainiako Kongresuak Klima Aldaketaren lehenengo Legea onartu du
2040rako auto kutsakorrik ez saltzea, gas kutsakorren isuriak murriztea eta 2050erako ikatzik ez erabiltzea aurreikusten duen ibilbide orria da.
agentziak | eitb media
Espainiako Estatuko Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lehenengo Legea onartu du gehiengo zabalarekin Diputatuen Kongresuak. PP eta Mas Pais abstenitu egin dira, eta Voxek kontra bozkatu du.
2040rako auto kutsakorrik ez saltzea, gas kutsakorren isuriak murriztea eta 2050erako ikatzik ez erabiltzea aurreikusten duen ibilbide orria da legea, besteak beste, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erreonka Demografikorako ministro eta laugarren presidenteordeak Kongresuan emandako hitzaldian esan du legea "behar-beharrezkoa" dela, "ezinbestekoa".
PPren aldetik, Guillermo Mariscalek esan du proiektua "txikia eta mugatzailea" dela, eta "berandu" iritsi dela, popularrek 2018an proposatu zutelako klima aldaketaren lege proposamena.
Juantxo Lopez de Uraldek (UP) eskerrak eman dizkie legea aurrera ateratzen lagundu duten guztiei, ez delako "kudeatzeko erraza" izan, eta izapideek eragindako eztabaida gogorra azpimarratu du.
Mireia Borrasentzat (Vox) "espainiar asko dira lege horren ondorioak sufritzen ari direnak eta Kongresuaren parean manifestazioa egiten ari direnak, Gobernuak, beti bezala, beste aldera begiratzen duen bitartean".
Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduren diputatuak adierazi duenez, "Klima Aldaketaren legea aurrerapausoekin eta eraginkortasunaren mugekin jaio da. Harago joan zitekeen eta joan behar zen". Gainera, txalotu egin du "frackinga debekatzea, gizartearen eskaera handia" izan delako.
Neurri eta data garrantzitsuak
Klimaren lege berriak klima aldaketari aurre egiteko nazioarteko konpromisoak betetzen lagunduko dio Espainiako Estatuari, 2050ean neutraltasun klimatikoa lortze aldera.
Energia berriztagarrien ekoizpena % 40tik % 76ra igotzeko baliabideak ere emango ditu.
Bi data mugarrirekin abiatuko da legea: 2030erako % 23 murriztu beharko dira negutegi efektua eragiten duten isuriak 1990aren aldean (duela urtebete Gobernuak aurreikusitakoa baino 3 puntu gehiago); eta 2050erako, neutraltasun klimatikoa lortu beharko da.