Gizartea -
KORONABIRUSA
75 covid-19 kasu berri atzeman dituzte Nafarroan, eta % 3,3koa da positibo tasa
Atzo, ostirala, amaitu zen Etxarri Aranazko konfinamendua eta, igande honetan, maiatzak 16, Lakuntzan ezarritako itxiera perimetrala bertan behera geratuko da.
EITB MEDIA
Covid-19 kutsatzeek azken egunetako joerari eusten diote Nafarroan. Atzo, 2.269 proba egin (1.395 PCR eta 874 antigeno test) eta 75 kasu berri diagnostikatu zituzten, eta positibo tasa % 3,3koa da izan zen (bezperan % 3,6koa), Nafarroako Gobernuaren datuen arabera. Bezperan baino bost covid kasu gehiago izan ziren, beraz, baina proba gehiago ere egin ziren.
Kutsatze gehien San Adrianen (9 positibo) eta Iruñeko Txantrea auzoan (8 positibo) atzeman dira.
Positibo berrien adinari dagokionez, kasu berri gehien 45 eta 59 urte artekoen artean atzeman ziren (% 27). Ondoren, 15 urtetik beherakoen taldea eta 30-44 urte artekoena (biak % 23) zeuden eta, atzetik, 15-29 artekoena (% 21). Azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoen artean, kasuen % 5 atzeman ziren, eta 75 urtetik gorakoen artean, % 1.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, 111 gaixo zeuden ospitaleratuta ostiralean Foru Erkidegoko zentroetan (bezperan baino 7 gutxiago), horietatik 21 ZIUn.
Ez zen inor hil covid-19agatik. Orotara, 1.180 pertsona izan dira gaixotasunaren biktima Nafarroan.
Gainera, atzo, ostirala, amaitu zen Etxarri Aranazko konfinamendua, eta Nafarroako Gobernuak Lakuntzan ezarritako itxiera perimetrala, berriz, igandean geratuko da bertan behera.
Txertaketari dagokionez, asteburu honetan 5.100 dosi baino gehiago jartzea espero du Nafarroako Osasun Departamentuak.
Iruñerrian eta eskualdean, UPNAko kiroldegian eta Maristen ikastetxe zaharrean txertatuko dute, 08:30etik 21:10era. 4.000 dosi inguru jartzea aurreikusten da (1.864 UPNAn eta 2.108 Maristen ikastetxean).
Tuterako osasun barrutian 978 dosi emango dituzte asteburu honetan, etxeetan, egoitzetan eta Tuterako Jesuiten ikastetxeko kiroldegian.
Lizarrako osasun barrutian 150 dosi emango dituzte gaur, Garcia Orcoyen ospitalean.
Eguneroko txertaketa prozesuari dagokionez, atzo 6.804 dosi jarri ziren. Hala, Nafarroan orain arte jasotako 335.245 dosietatik (gaur bertan Modernaren 4.300 iritsi dira), 323.783 jarri dira.
Orain arte 103.797 lagunek dute pauta osoa (bi txertoak).